Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Athletic Clubeko ordezkari ugari hartu ditu gaur

Bizkaie! 2024-04-09 12:29   Kulturea

Goiz partean izan da Bizkaiko parlamentuaren egoitzan, Gernikako Arbolearen ondoan.



Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak Athletic Clubeko ordezkaritza zabala hartu dau gaur goizean, oraintsu Sevillan Kopako finala irabazi ostean. Zuri-gorrien ordezkaritzea Jon Uriarte presidenteak, Zuzendaritza Batzordeko parte handiak, talde teknikoak, Ernesto Valverde buru zala, eta bost kapitainek osotu dabe: Iker Muniain, Oscar de Marcos, Iñigo Lekue, Iñaki Williams eta Raúl García.

Batzar Nagusiak erakundeko burua eta ordezkari askok lagunduta, eskerrak emon gura izan deutsoz Athletici, gaur Gernikako Arbolara, Euskal Herriaren ikur unibersalenera, hurreratzeko egindako kinuagaitik, eguen honetan egingo diran omenaldi ekitaldi ofizialen atariko lez: talde zuri-gorriak, bakotxaren ideologia edozein izanda be persona guztiak batzen dituan hainbat balio ordezkatzen ditu, gure Gernikako Arboleak legez. Beti lotuta dagozan sinbolo bi, Athleticen ereserkiak dinoan lez: Aritz zarraren enborrak loratu dau orbel barria, azpimarratu dau Otaduik.

Ekitaldia minutu bateko isiluneagaz hasi da, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzea dala eta. Ostean Otaduiren eta Uriarteren berbaldiak etorri dira. Haretxaren aterkipean, garaikurra lekuko, Bizkaia osoak txapeldunei omenaldi txikia egiteko balio izan dau bisiteak. Zapatuan, Athleticek 40 urte geroago gura eban garaipena lortu eian indarrez eta ilusinoz bultzatu eban lurraldea. Horregaitik, Batzar Nagusiak erakundeko buruak zorionak emon gura izan deutsee zale zurigorri guztiei.

Athleticeko presidenteak modu berezian izan dau gogoan mendeurrena ospatzeko Ibaiganen egin ziran ekitaldietara joan zan Ardanza lehendakaria, baita zoritxarrez daborduko gure artean ez dagozan eta Kopako garaipena zaleakaz ospatzerik izan ez daben guztiak, aitita, amama, edo Jon eta Eneko lagunak gogoan. Haretx zaharraren aurrean, zapatuko garaipena ekinaren eta amore ez emotearen ondorioa da azpimarratu dau Uriartek, mugak gainditzen dituan eta parekorik ez dauen ereduan oinarrituta. Athleticeko presidenteak ames bategaz amaitu dau: Gernikara sarriago etortea titulu gehiago ospatzeko.

Athleticeko kapitainak bat egin dau ames horregaz: Momentu berezia da guztiontzat. Badakigu zer dan Bizkai osoarentzat, eta ospatu eta oso zoriontsu izan gura dogu. Harrotasunez beteta egoteko egunak dira.

Berbaldien ostean, Athleticek bost kapitainen sinadurea daben tituluaren ospakizunaren kamiseta bat eta talde zuri-gorriaren beste bat emon deutsoz Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruari; keinu hori une historikoan heldu da Gernikako Batzar Etxera, izan be, lehenengoz ikusi da talde zuri-gorriaren garaikur handi bat Gernikako Arbolearen, euskaldunen ikur unibersalenaren, ondoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu