‘2024 Basque Team Bekak’ eskatzeko epea zabalik dago

Bizkaie! 2024-04-05 08:03   Kirola

Kirolari, teknikari eta epaileei bekak emongo jakez arlo olinpiko eta paralinpikoan.

Basque Team Fundazinoko Patronatuak 2024. urteko goi-mailako kirolarientzako bekak emoteko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian argitaratuta, hilebeteko epean zarratuko da. Oinarriak oso-osorik konsultatu eta behera kargau daitekez hemen

Helburu nagusia Fundazinoaren eginkizunari jagokon goi-mailako euskal kirola sustatzea da. Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta dagoz gehienbat, kirol-modalidade olinpiko eta paralinpikoei.

Basque Team 2024 bekek laguntza ekonomikoak eta laguntza-zerbitzuak aurreikusten ditue (zerbitzu biomedikoak, kirol-prestakuntza optimizetako zerbitzuak, kirol-psikologia, kirol-karrera eta ibilbide akademikoa buztartzeko laguntzea, kirol-ibilbidea amaitzean laneratzeko prozesuan sartzeko laguntzea, irudi eta komunikazino-zerbitzuak...). Beharrezko baldintzak beteten dituen teknikari espezializatuek be eskatu leikiez Basque Teameko laguntzak, baita goi-mailako epaileek be. Era berean, errendimendua hobetzeko laguntza osogarriak eskatzeko aukerea izango dabe bekadunek, eta goi-mailako probetan lortutako bikaintasun-emoitzengaitiko sariak lortuko ditue (konsultatu oinarriak).

Beka honeek jasoteak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetea dakar, joko garbiari, dopinaren kontrako eta bardintasunaren aldeko burrukei eta beste hainbat alderdiri jagokezan arauak aintzakotzat hartuz. Bekea eskatzerakoan, beharrezkoa da nazinoarteko azkenaldiko kirol emoitzarik garrantzitsuenak batzen dituan kirol curriculuma aurkeztea, baita 2024. urte osorako plangintzea be, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia be.

Bekea emoteko kontuan hartuko dira nazinoarteko kirol-lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak) 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra lortutako emoitzak, kategoria absolutuan. Edozelan be, bekeari eusteko, salbuespenez, kontuan hartuko dira umealdia, lesinoak edo osasun fisiko edo mentaleko iraupen luzeko eta larritasun handiko arazoak dirala-eta kirola egitea eragotziko leukiezan justifikazinoak.

Bekak

a.- Basque Team Kirolariak:

Entrenau eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa dan dedikazinoa bermatzeko laguntzak dira. Probearen arabera izan daitekez:

- Basque Team beka programa olinpikoa.
- Basque Team beka programa paralinpikoa.

b.- Basque Team Teknikariak:

Basque Team Kirolariak edo Atzeraeraginezko Basque Team beka baten onuradun dan kirolaria preparetako arduradun nagusiari zuzendutako laguntzak dira.

c.- Atzeraeraginezko Basque Team:

2023an Basque Team Kirolariak beka baten onuradun izan diranentzako laguntzak dira, baldin eta urte horretan eskatutako emoitzan parte hartu ez badabe edo lortu ez badabe.

d.- Basque Team Support:

Basque Team Kirolariak beketara sartzerik izan ez arren, 2023ko denporaldian programa olinpikoan sartutako banakako edo taldeko proben Munduko txapelketetan edota Europako txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen daben kirolarientzako laguntzak dira.

e.- Basque Team Epaileak:

2023an lehiaketa jakin batzuetan parte hartu daben epaileentzako laguntzak dira, jagokon nazinoarteko kirol-federazinoak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikauta lehiaketak garatzen parte hartzen daben epaileentzat.

Bikaintasun-proiektuak

Bekez gan, Basque Team Fundazinoak laguntzak emongo deutsee Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei, nazinoarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izatea eta goi-mailako kirol-emoitzak lortzea ahalbidetuko daben goi-mailako proiektuetarako.

Laguntzak euskal kirolarien partaidetza olinpikora bideratutako proiektuak gauzatzeko eskainiko dira, oro har, martxan dan Udako Jokoetarako zikloan (Paris 2024) edo hurrengoan (Los Angeles 2028), edo Neguko Jokoetarako martxan dagoan zikloan (Milan-Cortina d´Ampezzo 2026).

Kirol-proiektuak goi-mailako kirolariak diran euskal kirolarientzat sortu eta bideratuko dira, bai eta, kirol-ibilbideagaitik edo lortutako emoitzengaitik, baita eskaerea egiten dan unean goi-mailako maila lortzeko hur dagozan euskal kirolarientzat be. Kirol proiektuak olinpiar programearen barruko probetara zuzenduta egongo dira.

Laguntzotatik kanpo geratzen dira Basque Team Fundazinoagaz akordioa edo hitzarmena sinatuta daben kirol-erakundeek garatutako goi-mailako kirol-proiektuak, estrategikoak edo lehentasunezkoak diralako. Proiektu estrategiko horreek surfeko, slalom piraguismoko, neguko kiroletako eta kirol egokituko modalidadeei edo diziplinei jagokezenak dira. Liga profesionaletan parte hartzen daben kirol-erakundeak ere kanpoan geratzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu