BalmaExpress Jaialdia apirilaren 12, 13 eta 14an

Bizkaie! 2024-04-03 13:11   Kulturea

Kulturea eta merkataritzea oinarrizko ardatz bi dira Balmasedako eguneroko bizitzan.

Zinemea Balmasedako kaleetako protagonista izango da BalmaExpress Jaialdia dala eta, izan be, hau Uriribildura helduko da apirilaren 12, 13 eta 14an Aste... zinegarria! goiburuari eutsiz. Ekitaldia herriko Udalak atondu dau, BalmaDenda, Enkartur, EPE-APV Euskal Ekoizleen Elkartea, La Caixa Fundazinoa eta El Correo-ren laguntzeari esker eta zinemeagaz lotutako jarduera ugari ekarriko ditu.

Zapatua (hilak 13) astegoieneko egun berezia izango da, egun osoan zehar zinema-giroa izanda kaleetan, film askotako personaiak han izango diralarik: Goizeko 11:00tan, Kung Fu Panda 4 filma izango da Klaret Antzokian, doban, edukierea bete arte. Eguerdiko 13:00ean, Jose Antonio Rojo espezialisteak Zineman espezialista izateko trikimailuak tailerra emongo dau Klaret Antzokian eta, 16:30ean, Los Cazafantasmas filmaren bigarren proiekzinoa izango da, doban, edukierea bete arte. Era berean, Kit Auto Fantastikoa 17:00etatik aurrera San Juan plazan izango da, 80. hamarkadako auto nabarmenenagaz argazkia atara nahi dabenentzako eta, 18:30ean leku berean, txokolatea eta txurroak jateko aukerea egongo da. Ordubete aurrerago 19:30ean San Severino plazeak espezialisten ikuskizun bat jasoko dau Jose Antonio Rojoren eskutik.

Gaueko 21:00etan, Klaret Antzokiko zinema-aretoak Kung Fu Panda 4 filmaren bigarren proiekzinoa eskainiko dabe, doban, edukierea bete arte.

Jardunaldiaren amaieran, Los Bilbotxeros taldeak kontzertu bat emongo dau San Juan plazan 21:30ean.

Domekan, 12:00etan, zinemazaleek Goya sarien garaikurragaz argazki bat egin ahal izango dabe eta, 13:00ean, 501 Legioak Star Wars desfile bat egingo dabe Uribilduko kaleetan. II. Express Balmaexpress Film Laburren Jaialdiaren galeak zarratuko dau astegoiena 17:00etatik aurrera.

Balmasedako Udalak, BalmaDenda eta Enkarturrek kultura, kasu honetan zinemea eta bertoko merkataritzea batzea erabagi dabe BalmaExpressen edizino honetan, izan be, apirilak 8tik 14a Uribilduko dendatan erosketak egiten dituenek Klaret Antzokiko zinemarako urte birako pase bikotxen eta 100 gonbidapenen zozketan parte hartuko dabela: kulturea eta merkataritzea oinarrizko ardatz bi dira Balmasedako eguneroko bizitzan, eta, horregaitik, lan egin behar dogu, alde batetik, herritarrei kultura-eskaintza zabala, askotarikoa eta irisgarria eskaintzeko, eta, bestetik, uriko establezimenduei laguntzeko, beren produktu, zerbitzu eta tratu bikainak eskaintzen jarraitu ahal izan deien, onartu dau Alfonso San Vicente Balmasedako alkateak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu