ONCEren kupoiak BEC Bilbao Exhibition Centre-ren 20. urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2024-04-03 09:48   Pil-pilean

Apirilaren 4an, eguenean, zozketatuko da.

Bost miloe kupoik zabalduko ditue Espainian azoka eta kongresu esparru honen efemeridea eta irudia. Kupoiaren irudia eta zehetasunak ONCEren Euskadiko ordezkari Usue Vallejok eta BECeko zuzendari nagusi Xabier Basañezek emon ditue ezagutzera.

Vallejok nabarmendu dauenez, pozarren gagoz gure kupoian gure autonomia erkidegoaren irudi enblematiko bat islatu ahal izateaz, oraingoan Barakaldoko BEC-i eskainia, sortu zanetik 20 urte bete diralako. Bilbao Exhibition Center Euskadiko ekitaldi sozial eta kultural handienen erreferente bihurtu da eta beti edegi deutsoz ateak ordezkatzen dodan erakundeari be. Horregaitik, ONCEk bere urteurrenagaz bat egin nahi izan dau.

Bestalde, Xabier Basañezek ilusinoa agertu dau erakunde bieen lankidetzearen aurrean: ohorea da BEC-entzat hain hartu-emon estuak ditugun ONCE erakundearen kupoiaren bidez milaka lagunengana heltzea; gure hogeigarren urteurrenean, alkartasun-zutabe aparta dan erakunde honek autortuak izatea sano eskertzen dogu. Hamarkada bi honeeta herritarrakaz hartu-emon aberatsak izan doguz, eta omenaldi hau jasotea oso aberasgarria da guretzat. Bide honetan urte askoan jarraitzea espero dogu, alkarregaz lan eginez eta gure
gizartearen ongizateari lagunduz.

Bilbao Exhibition Centre (BEC) 2004ko apirilean edegi zituan ateak. 150.000 metro koadroko erakusketa-azalerea dau, sei pabilioitan banatuta. Beste espazio aitagarri batzuk be baditu, besteak beste, Bizkaia Arena erabilera anitzeko pabiliouia, 20.000 lagunentzako lekua dauena, eta BEC Konbentzinoak kongresu-zentroa, 18.000 metro koadrokoa. Instalazinoek eraikuntza-elementu oso barritzaileak ditue, formatu txikiko bilerak zein milaka personentzako ekitaldi handiak hartzeko modukoak, baita profesionalen, enpresen eta publikoaren beharretara egokitzeko be. Gainera, eraikin egokitua da.

BEC-eko instalazinoetan, Bizkaia Arenan nazinoko eta nazinoarteko hainbat azoka egiten dira, besteak beste, saskibaloi partiduak, antzerkia, kirola eta kontzertuak izaten dira, baita negozio eta bestelako gai batzuei buruzko kongresuak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu