X. Loraldia Festibalak upealako erantzuna izan dau
2024-03-27 13:50 Kulturea25 ikuskari, 11 estreinaldi, 160 sortzailetik gora, 5.300 ikusle...
Munduari begiratzeko modu bat goiburupean proposamen artistikoen maila gorena azpimarratu dabe atontzaileek. Loraldiaren helburuetako bat hausnarketea sustatzea eta euskal identidadearen eta kulturearen iruditegi barria osotzen laguntzea dira.
Orain arteko marka guztiak hausi dira bai ikusle kopuruaren aldetik, bai Lorazainen komunidadearen lagun kopuruari jagokonez, baita sormen eta sortzaileen arloan be.
Bilbo euskal kulturaren erdigune bihurtu da hiru astetan. Kultur espazio eta gune handietara heldu gara. Aurten barrikuntzea izan da kulturea eta naturea batzea, mendira egindako ibilaldi baten bitartez.
Balorazio artistikoaren arloan, bidegile izan gara. Aurten egindako mendira ibilaldian, Bilbo aldeko bost emakumeren bizitzako pasarteak ezagutzeko aukerea egon zan eta bertan entzun genduan Dabilen herriari ez jako goroldiorik lotzen. Axularren esaera zaharraren moldaketa horregaz laburbatu nahi dogu gure jarduna. Herrigintzan gabiz.
Bigarren astean beste barrikuntza bat plazaratu genduan: ikusletegia. Ekimen honen asmoa sormenaren testuinguruak ezagutzea da.
Hirugarren astean, Lapurditik heldu zan Bilaka dantza konpainia. Mitologia Txikiak proposamen artistikoa sekulako sormen ederra, irudimentsua eta barritzailea da, gure mitologia eta inauteriak arakatzen dituana.
Azken buruan, Loraldia Festibalak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntzea dau eta, esangura horretan, Euskal Kultur Erakundeagaz lotutako hitzarmenari esker, Iparraldeko proposamenak Bilbora ekarteko aukerea izan dau Loraldiak. Elkar Fundazinoaren laguntzea izan dogu literatur aurkezpenak egiteko. Berria egunkariak ekintza bat babestu dau. ZAWPk alkarteak La Terminal espazioa itxi deusku. Eta, urtero legez, Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programearen babesa izan dogu. KOT markearen laguntzea be jaso dogu aurten.
Azkenik, emondako babes eta laguntzinoagaitik Loraldiak Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea eta Laboral Kutxa eskertu ditu.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!