Bermeoko Udalak LGTBI+ personen errealidaden ganeko diagnostikoa egingo dau
2024-03-27 10:35 KultureaMatxismo eta LGTBI+ fobiarik bako esparru askatzailea eta bizigarria izan gura dau.
Bermeoko Udalak LGTBI+ udal diagnostikoa egingo dau Hiruki Larroxagaz batera. Azken horreek adituak dira LGTBI+ politiketan, politika publikoetan eta teoria feministetan. Urtea amaitu orduko diagnostikoa amaituta egotea espero da.
Bermeo LGTBI+ personentzat bizigarria izateko helburuz, indarkeria matxistea zein sexu aniztasunari jagokezan LGTBI+ herritarren bizipenak zein errealidade horreen inguruan herrian zein eskualdeko ezagutza eta sensibilizazinoaren inguruko udal diagnostikoa egingo da.
Vanessa Juez Bardintasun teknikariak azaldu dau helburu nagusia dala Bermeoko LGTBI+ kolektiboaren egoerea ezagutzea: Askotan jazoten da LGTBI+ kolektibokoek herri txikietatik alde egiten dabela herri handiagoetara edo urietara. Modu horretara, jakin gura dogu, zer dan herri handi edo uri horreetan topetan dabena, horreetan askatasunez bizi ahal izateko, eta guk Bermeon eskaini ahal izateko.
Bermeon ez dago LGTBI+ personen mobimenturik eta helburu nagusia ez bada be, dinoenez, horreen artean saretzea be bada asmoa. Diagnostikoa egiteko banakako alkarrizketak egingo dira, izan be, udalak LGTBI+ kolektiboko 20-35 urte bitarteko zenbait persona identifikau ditu eta horrekaz egingo ditue alkarrizketak, euren eguneroko bizitzan eta arloetan bizi dituen egoeren barri izan gura dabe eta Bermeon komunidade honek ze errealidade bizi dauen.
Era berean, herritar guztiei zuzendutako galdetegi bat sortu da, herritarren aurreretxiak, ezagutzak, jarrerak eta jokabideak batzeko asmoz. Galdetegiak anonimoak izango dirala azaldu dabe.
Galdetegia bete gura dabenek diagnostikoaren barri emoteko egin diran karteletan dagoan QR kodea eskaneauta egin leikie; Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) sartuta be bete ahalko da galdetegia. Era berean, galdetegiak papelean egongo dira udal eraikin batzuetan, interesa dabenentzako. Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, orduan eta aberatsagoa izango da emoitzea. Gauzak holan dirala, herritar guztiak animetan ditue parte hartu deien.
Lan arlo bi (alkarrizketak + galdetegiak) horreek eskuartean izanda ataratako ondorio eta proposamenakaz hasiko dira gero LGBTI+ udal politikak diseinetan. Bardintasun Sailak helbide elektroniko bat sortu dau: LGTB@bermeo.eus. Prozesuari buruzko edozein galdera egiteko erabili daiteke, baita aurrerantzean kolektibokoek izan leikiezan edozein galdera egin eta dudak argitzeko.
Bermeo danontzako herria izan behar dela argi daukagu, eta horretarako lan egingo dugu. Asko dira herritik alde egin dutenak herrian ez dutelako euren lekua aurkitu edo herrian ezin izan dutelako aske bizi. Horri buelta eman behar diogu, Bermeo herri segurua, askea eta denona izatea lortu behar dugulako. Gure herritarren sexilioarekin amaitzea dugu helburu.
Beraz, animau eta parte hartu herriko LGTBI+ diagnostikoan. Danon lanagaz herri hobe bat lortuko dogulako, adierazo dau Arantza Ormaza Tarantino Bardintasun zinegotziak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!