Durango herriak Martiaren 31ko bonbardaketan hildakoak omenduko ditu

Bizkaie! 2024-03-26 11:10   Kulturea

Autortzea eta oroimen ekitaldia Martiaren 31n egingo da, Andra Mariko eleizpean, 19:30ean. 

Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin Dantza Taldeek atondutako ekimena da, Durangoko Udalaren babesari esker. 1937ko hondamendia bizi izan eban durangar bati autortzea eginez, biktima izan ziran guztiei egiten jake omenaldia. Aurten Ana Maria Valdubieco Pujana izango da lekuko hori: 6 urte zituen Ana Mariak Durango 1937ko martiaren 31n bonbardeau ebenean. Santa Ana eleizaren ondoan bizi ziran, hormako erlojuak zituan etxearen parean. Egun horretatik gogoratzen dauena sirena hotsa da, eta izeko Edurnek eskutik oratu eta Santa Anako eleizpean babestu ziranekoa, lurrez betetako sakuak horretarako ipinita egozalako. Eta gitxira, amama agertu zala, urez betetako baldea buruan latsarrira joateko, baina babesa hartu ebala eurekaz. Eta bapatean, bonbak lehertzen gogoratzen ditu, izan zan zarata eta hautsa, euren etxea izan zan txikitu eben lehenengoetako bat. Ana Mariak berak ikusi ebanetxea parez pare jausten, 6 urtegaz. Hurrengo egunean Bilbora joan ziran, han eben familiarteko baten etxera. Ez dau gogoratzen noiz bueltau ziran Durangora
barriro. Baina, bueltan Intxaurrondon izan eben etxea, eta gogoan dauka Durangoko alde zaharrean etxe asko oraindino hondatuta egozala.

Jazoera dramatiko horrek Ana Mariarengan denporan iraun eta ondorengoei transmitiduten jakin deutsen giza balioak itxi eutsozan: alkartasuna, abegikortasuna, apaltasuna, austeridadea, sendotasuna eta Kemena.

Ekitaldia Estibaliz Gonzalez ermuarrak aurkeztuko dau. Oholtzan, Aitor Echarte eta Maite Lopez aktore durangarrak be agertuko dira. Durango 1936 Kultur Elkarteak batutako lekukotzetan oinarritutako irakurketa dramatizatua egingo dabe, gaur gaurkoz garaia.gerediaga.eus webgunean konsultagai dagozanak.

Ekitaldiko musikearen ardurea Peio eta Itsua bikotearena izango da baina oholtza gainean Alfonso eta Pablo musikariek lagunduta izango dira. Musikari durangarrek lantzen daben rap doinuz gogoratuko ditugu aurten bonbardaketan hildakoak.

Ohorezko jantzak Kriskitin Dantza Taldearen eskutik izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu