'La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo' diskoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-03-25 12:43   Musikea

Valentin Maria Zubiaurre konpositorearen obrea.

Bilboko Koral Alkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak Valentin María Zubiaurre konpositorearen (Garai, Bizkaia, 1837ko zezeilak 14 - Madril, 1914ko urtarrilak 13) La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo diskoa aurkeztu dabe. Obrea, inoiz grabau eta jentaurrean interpretau bakoa, 1874an konposatu eban Zubiaurrek, Erromako Espainiako Akademian egindako egonaldiaren ordainetan, erakunde horren lehen bekaduna izanik.

Aurkezpenean, besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gobernuaren bozeroailea eta Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputadua izan dira.

Leixuri Arrizabalagak adierazo dauenez, proiektua musikearen historiaren mugarria izan da, ahaztuta egon dan genioaren legatuari egindako autortzea. Arteak denporan zehar iraun egiten dauala ekarten deusku gogora, belaunaldi barriek osterabere topau eta estimetako une egokiaren zain itxaroten dakiana. Horrezaz gan, eskerrik asko Bilboko Koral Alkarteari eta proiektu horretan parte hartu deurien artista guztiei eta, bereziki, Valentín Zubiarre Garaiko konpositore handiaren familiakoei emondako laguntzinoagaz, nabarmendu dau.

Grabazinoan, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, ondoko artista honeek hartu dabe parte, besteak beste, Ana Otxoa (sopranoa), Beñat Egiarte (tenorra), Julen García (baritonoa), Juan Laborería (baritonoa), Alberto Sáez Puente (pianista eta organistea) eta Ander Marzana (pianistea). Horreezaz gan, diskoaren azalaren diseinua Manu Muniategiandikoetxea artisteak egin dau, Erromako Espainiako Akademiaren bekaduna baita be 2023an. Partiturari jagokenez, Ángel Brizek editau dau, eta soinu-erregistroaren arduraduna Jean Michel Olivares teknikaria izan da.

Grabazino horren atzean, Otilia Fidalgo musikologo ospetsuak zuzendutako ikerketea dago, eta diskoko oharrak be harek idatzi ditu. Lan horretan, Zubiaurreren partiturearen garrantzia historiko eta artistikoa nabarmendu ditu, konpositorearen biziteari eta obreari buruzko xehetasun liluragarriak ezagutarazoz.

XIX. mendeko musikea barreskuratzeko ahalegina egin bada be, erlijino-musikearen arloko hutsune historiografikoak esanguratsuak dira oraindino; Valentin Zubiaurre barriz ezagunak izateko zain dagozan garai haretako konpositore nabarmenetakoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu