Francisco Ruiz de Infanteren lan barria Bilbon

Bizkaie! 2024-03-22 09:25   Kulturea

Políptico de las operaciones (Jamás-Jamás 2024 / Aventuras peligrosas para un Aquí y un Ahora) lana, hain zuzen be.

Francisco Ruiz de Infante bere proiektuaren aurkezpenean. Argazkia: Azkuna Zentroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bideo eta instalazino-artistea Azkuna Zentroan aurkeztu dau Políptico de las operaciones (Jamás-Jamás 2024 / Aventuras peligrosas para un Aquí y un Ahora lana. J.M. Barrie-ren Peter Pan-en (1911) irakurketa lotsabakoaren ondoren sortutako berba, irudi eta galderak ardatz hartuta asmautako eta berrasmautako proiektu plastikoa, ikus-entzunezkoa eta performatiboa da.

Ikus-entzunezkoen sortzailea, filmen errealizadorea, zuzendari eszenikoa eta performerra da Francisco Ruiz Infante, sustrai plastikoak dituana. Formatuz kanpoko artistatzat dau bere burua, astintzaile, deformatzaile eta testuinguru-sortzailetzat. Bere lanean irudiak, testuak, soinuak eta objektuak buztartzen ditu, multimedia-instalazino konplexuak egiteko. Horreek ikus-entzunezko teknologia aurreratu bat txertatzen dabe zakar landutako materialen barruan (eta alderantziz), eta, aldi berean, sensibilidade poetiko arina emoten deutse sano kritikoa dan kontzeptu-esparruari.

2017tik dabil Políptico de las operaciones (Jamás-Jamás 2024 / Aventuras peligrosas para un Aquí y un Ahora proiektuan lanean eta Bartzelona, Madril, Mallorca, Santander, Hangzhou, París, Estrasburgo, Bouxwiller eta Montpellierreko espazio artistikoetan ikusi da. 2024ko martitik bagilera, Azkuna Zentroan izango dau jarraipena.

Francisco Ruiz de Infante

1966. urtean Gasteizen jaioa; egun Estrasburgo eta Auberive (Frantzia) artean bizi eta lan egiten dau. 1999tik, Haute École des Arts du Rhin-eko (Estrasburgo) Arte Fuera de Formato – Artes del Tiempo ikerketa-taldeko koordinatzailea da.

Arlo plastikoan proiektu garrantzitsuak erakutsi ditu hainbat erakundetan: Parisko Arte Modernoaren Museoa, Madrilgo MNCARS Museo Reina Sofía, Bilboko Guggenheim Museoa, Genevako Maison de l 'Image, Houstongo Blaffler Gallery, Karlshureko ZKM, Bonneko Kunst-Halle, Mexikoko Carrillo Gil Museoa, Lleidako Centro de Arte La Panera edo Bartzelonako Metrónom aretoa.

2008an, errealizazino artistikoen ziklo bati ekin eutson, BlueSky ekosistemak izenekoari, eta erakusketea, film, argitalpen eta produkzinoetan dabil, hainbat testuingurutan: Argentinan (Buenos Airesko Fundación Telefónica espazioa), Frantzian (Atheneum de Dijon – Galerie Fernand Léger, Ivry-Sur-Seine/Grand Paris), Espainian (Arabako Artium – Galería Elba Benítez, Madril – Fundación Botín, Santander). Serie honen barruan egindako bideoen artean HolyBilis (2013), B.S.o. D. -Training attitude- (2009) eta bere azken lana, Campos Eventuales (2018-20).

Artistearen film-produkzino luzearen barruan, Los Lobos (1995) film luzea eta Las Cosas Simples (prix découverte Montrealgo 1993ko Festival du Nouveau Cinéma jaialdian aurkeztutako film laburra be nabarmentzekoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu