Néstor Basterretxearen jaiotzearen mendeurrena ospatzeko webgunea sortu dabe
2024-03-21 10:18 KultureaMiren Vadillo, Fernando Golvano eta Peio Aguirre adituak izan dira egileak.
Jarduera eta erakusketen egitarauaz gan, webguneak Basterretxearen obra eta eragina nabarmentzen ditu arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinematografian eta euskal kulturan.
Argazki eta bideo historikoz hornidutako ikus-entzunezko atal batek artistearen irudia hurbiletik ezagutzeko aukerea emoten deusku Eusko Jaurlaritzeak koordinautako mendeurrenaren talde ospakizunak Néstor Basterretxearen, XX. mendeko euskal artistarik esanguratsuenetakoaren, ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna gogorarazoten dau, haren konpromiso soziala eta haren lanaren iraunkortasuna.
Datorren maiatzaren 6an egingo dan Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) jaiotzearen mendeurrenaren ospakizuna hurreratu ahala, efemerideak ospatzeko programan parte hartzen daben erakundeek ekitaldiak sustatzen jarraitzen dabe, euskal artistarik eraginkorrenetako, polifazetikoenetako eta joan dan mendeko 50eko hamarkadan hasita euskal artea barritzen gehien lagundu ebanetako baten oroimenez. Joan dan zezeilaren 28an Bilboko Arte Ederren Museoan Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketearen inaugurazinoari (maiatzaren 26ra arte) eta martiaren 16an Iruñeko Punto de Vista Jaialdiko Néstor Basterretxea y la imagen atalean, Oteiza Museoaren parte-hartzeagaz, haren film sorta bat proiektatzeari, orain artistaren ibilbidea eta ondarea zeharkatzen dituan webgune baten argitalpena gehitzen jako. Gainera, joan dan urtarrilean egitaraua aurkeztu ebenean, Instagram@nestorbasterretxea100 kontua aktibau eben.
Basterretxearen Mendeurrenaren webguneak euskal artistearen alderdi biografikoak ditu ardatz lehen fase honetan. Horretarako, haren ibilbidea ezagutzen daben personen parte-hartzea izan da. Peio Aguirre komisario, arte-kritikari eta editoreak, Basterretxeari buruzko zenbait erakusketa monografikoren arduradun eta Un retrato de N.B. dokumental-saiakerearen egileak, haren oinarrizko aitamen biografikoa idatzi dau, baita margolari eta eskultore ibilbideari, zineman, arkitekturan eta diseinuan egindako lanei eta lan instituzionalari buruzko testu bana be.
Bestalde, UPV/EHUn Artearen Historian doktore eta komisarioa dan Miren Vadillok saiakera labur bat egin dau Basterretxearen konpromisoari eta dimensino etikoari buruz. Gainera, Monika Basterretxeak, artistearen alabeak, idatzi oso personala idatzi dau familiaren ikuspegitik. Laster Fernando Golvano arte kritikari eta komisarioaren saiakera bat argitaratuko da Néstor Basterretxearen biografiaren atala denpora-lerro batek —artistearen biografiaren mugarri nagusiak begiz ikusteko aukerea emoten dauena—, eta bibliografia zabal batek osotzen dabe, biak Artium Museoko Dokumentazino Zentroak landuak.
Mendeurrenaren egitarauan iragarritako jarduerak be webgunean agertzen dira. Gogoratu behar da Gorka Basterretxeak koordinetan dauen programa honetan hogei kultur erakunde baino gehiagok parte hartzen dabela. Aurten eta 2025. urtearen hasieran, hainbat ekimen sustatuko dira, besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultur eta argitalpen jarduerak. Parte hartzen daben erakunde guztien logotipoak eta webguneetarako estekak agertzen dira Laguntzaileak izeneko atalean.
Media izeneko atalean, ikus-entzunezko baliabideei eskainitakoan, alde batetik, Basterretxea Irurzunen familia-artxibotik, Irungo Udal Artxibotik eta mailegu partikularretatik ataratako argazki bilduma zabala dago. Argazkiei esker, Néstor Basterretxearen ibilbidea eta sorkuntzearen alderdi batzuk eta besteak ikusi daitekez, artista-lanetan hasi zanetik azken urteetara arte.
Webgunearen atal horretan bideo zaharrak eta sortu barriak egongo dira, izan be, mendeurrena dala eta, Basterretxeahaz hartu-emonak izan zituen hainbat personak haren irudiari orainaren ikuspegitik jorratuko daben bost bideo egitea aurreikusten da. Lehenengoa, artistearen seme-alabak protagonista dituana, dagoeneko argitaratuta dago, eta, laster, saileko bigarrena ikusi ahal izango da, Joxean Muñozi, 2003an Nestor Basterretxearen bolumetria arkitektonikoei buruzko erakusketa baten komisarioa izan zanari, egindako alkarrizketa luze bat.
Bideoen atalak Basterretxearen grabazino historiko batzuk be jasoten ditu, horreen artean EITBko artxiboak itxitako eta Inguma Martínez, David Barbero, Julio Flor edo José Fernández de la Sota kazetariek egindako hainbat alkarrizketa. Fernando Golvanok ekarritako grabazino bat be argitaratu da. Atal honek izakera dinamikoa dau, eta zabalduz joango da, izakera historikoko beste ikus-entzunezko batzuen argitalpenagaz.
Nestor Basterretxearen mendeurrenaren webguneak, espazio publikoetan nahiz museoetan kokatutako artistearen lan garrantzitsuenak geolokalizetako eta bistaratzeko aukereaemoten dauen baliabidea du. Horrezaz gan, albiste atal bat be badau webguneak.
Laster aktibauko dan bigarren fasean, webgune honek Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoaren, Dokumentazino Zentroko Néstor Basterretxea Artxiboan integrautako dokumentuetara sartzeko aukerea emongo dau. Dokumentu-funts hori Basterretxea Irurzun familiak dohaintzan emon eutson Artium Museoari, eta, gaur egun, museoa atontzen eta katalogetan dabil. Artistearen artxibo personal zabala 5.000 dokumentu baino gehiagok osotzen dabe eta horien artean, besteak beste, honako honeek dagoz: proiektu artistikoei buruzko dokumentazinoa, zirriborroak, eskuz idatzitako eta mekanografiautako testuak, korrespondentzia, zinema-gidoiak, prentsa-ebakinak, argazkiak eta Biok altzari modernoen diseinu-enpresearen inguruko materialak. Oraingoz, artisteari buruzko dokumentazinoan interesa dabenek Artium Museoaren Artiker plataforman konsultau leikie artxiboa.
Néstor Basterretxea artista polifazetikoenetako eta gehien eragin ebenetako bat izan zan eta joan dan mendeko 50eko hamarkadatik aurrera euskal artea barritzen gehien lagundu ebanetako bat. Margolaritzan eta eskulturan, zineman, ilustrazinoan, diseinuan eta euskal kulturearen sustapenean egindako lanaren zabaltasunak eta sakontasunak, Miren Vadilloren esanetan, haren lana eta bizitzea Euskal Herriarentzat arrasto handiko bizi eta arte-ondare egiten ditu, estetikatik harago. Mendeurrenaren ospakizuna Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak koordinau du, Gorka Basterretxearen laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!