Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak atondu ditue Aste Santurako

Bizkaie! 2024-03-12 10:47   Kulturea

Bermeoko Udalak martiaren 28, 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean eskainiko ditu.

Jakina da Gaztelugatxeko San Juan Euskal Herriko baliabide turistiko garrantzitsuenetako bat dala, eta bisitari kopuru handia hartzen dauela. Kultura eta ingurumen aberastasun handiko ingurunea da, eta danon artean jagon behar dogu. Modu horretara, aurten be, Aste Santuan, martiaren 28, 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean, Bermeotik Gaztelugatxeko
San Juanera bidea egingo dauen autobus zerbitzua eta bisita gidatuak atondu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez.

Bisitek hiru helburu nagusi ditue: garraio publikoa sustatzea CO2 emisinoak murrizteko eta aparketako arazoak ebitetea, bisitariak Bermeora erakartea, eta horreek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diran lehen eskutik jasotea.

Bermeoko Turismo Bulegoak hurrengoa eskaintzen dau: Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketea. Ordu bi eta erdiko bisita gidatuak izango dira, eta 10:00etan eta 12:00etan hasiko dira Lamerako autobus geltokitik.

Dagoeneko erreserbak egin daitekez www.bizibermeo.eus webgunearen bitartez. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko ditue, 6 eta 12 urte bitartekoentzat 3 euro izango da, eta doban izango da, barriz, 6 urtetik beherakoentzat. Gehienez, 6 urtetik beherako ume bi joan ahal izango dira helduen erreserba bakotxeko. Informazino gehiago behar dabenek Turismo Bulegoan bertan eskatu leikiee, 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus epostara idatzita edo www.bizibermeo.eus webgunean bertan.

Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu honeen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukerea izango dabe, bermeotarren sinismen, erritu eta ohituren bidez; baseleizea be bisitautako dabe.

Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukerea be izango dabe erreserbea egiten dabenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra be badago, itsasargi bi tartean dirala. Holan, inguruko historiari eta jarduereari lotutako baliabideak eta bitxikeriak be azalduko deutsee.

Ingurune babestu hori guztion artean jagon behar dogu. Zerbitzu honegaz Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatzea da asmoa, ikuspegi ekoturistikoa oinarri hartuta, adierazo dabe Turismo Bulegoko arduradunek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu