Zuzendaritzearen erreleboa, Bertsozalen

Bizkaie! 2024-03-11 08:07   Bertsolaritzea

Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa izango dira Euskal Herriko Bertsozaleko talde barrian.

Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen Ohiko Batzar Nagusia izan da Aguraingo udaletxeko pleno aretoan. Jorratzeko gaiak ugari izan dira baina azkenak, zuzendaritzearen erreleboak, izan dau interes handiena publikoaren artean. Aldaketearen erabagia aho batez hartu dabe bazkideek.

Taldera Ainhoa Urien, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita batu dira taldean eta Xabi Igoak taldean jarraituko dau, aurrekoan be kide izan baita. Zortzi kide dituan talde honek 2018an hartu eban lekukoa.

Taldea Bertsozale Alkarteak gaur arte izandako zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunakaz, Lankuko zuzendariagaz eta lurraldeetako alkarteetako buruakaz batera konpartuduko dabe Bertsozale Alkartearen gidaritzea.

2023ko kontuak eta 2024ko egitasmo eta aurrekontua onartu ditu Bertsozale Alkarteko Batzar Nagusiak

Titularra zuzendaritza taldeak bereganatu dau, baina ez da alkarteak aurkeztutako barritasun bakarra. Hain zuzen be, alkarteko koordinazinotik adierazo dabe erabagigune nagusietan partaideen erreleboa eta funtzionamendua barritzeko lanean dabizela.

Horrezaz gan, alkarteak bere lan arlo nagusien irakurketea be egin dau: 2023ko kontuak eta 2024ko egitasmoa landu ditu alkarteko sail eta herrialde bakotxak. Esangura horretan, transmisinoaren egungo irakurketea egin dogu, eta bertso-eskoletan eta eurentzako materialean jarri dogu arretea. Zabalkundeari jagokoez, lanek berebiziko garrantzia hartu dabe, eta Hitzetik Hortzerak inoizko audientzia daturik altuenak izan ditu. Ikerkuntzea da beste oinarri sendoetako bat: bertsolariei buruzko ikerketea jarriko dogu martxan, gaur egungo bertsolaria zelakoa dan jakiteko. Bertsolarien ikerketaz harago, plazearena be egin dogu, bertsolarien lan-baldintzak hobetzea helburu. Eta dokumentazino aldetik, Bertso saioen agenda eta grabazinoen zirkuitua berratondu dira.

Barrikuntza horreek guztiak 2018an zehaztutako gogoeta estrategikoaren parte dira: egun prozesu horren erdian gagoz, 12 urterako zehaztu baikenduan. Orduan zehaztutako helburuakaz jarraitzeko asmoa dogu aurten be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu