Enkarterri Museoak belaunaldien arteko 'II. Amama Influencer' proiektua atondu dau

Bizkaie! 2024-03-08 12:02   Kulturea

Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko bultzatutako proiektua da.



Amama Influencer
Enkarterri Museoak emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko bultzatutako proiektua da, eta azkenengo asteotan hartu-emon estuan izan ditu Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta eskualdeko edade emakumeak, Cadaguako hainbat industriatako behargin ohiak, hain zuzen be. Proiektuaren helburua, hamarkadetan isilduta egondako emakumeei ahotsa emotea da. Holan Enkarterriko gazteei euren kontakizuna eta bizipenak kontau ahal izan deutsee, ahaztu ez daitezan. Ikasleek proiektua hezkuntza-komunidadeari aurkeztuko deutse, eta sare sozialen bidez emakumeen kontakizunen zabalkundea bideratuko dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen jaubetzakoa dan kultur zentroak bultzatutako proiektuaren helburu nagusia, Cadagua errekearen arroko emakumeen memoria historikoa berreskuratzea izan da, hainbat hamarkadatan industriagaz hartu-emon estuak izan zituen emakumeen bizipenetan sakonduz. Holan, enpatia historikoa eta emakumeen testigantzen entzute aktiboa teknologia barrien erabilereagaz buztartuz, ikasleek aurrekoen joana berreskuratu dabe, eta hori protagonisten omenaldi bihurtu da.

Alkarrizketatutako amamak, 30 guztira, belaunaldi gazteenen erreferente edo influencer bihurtu dira egun batzuetan. Proiektua hainbat lekutan gauzatu da: ikastetxean, Sodupeko kaleetan bertan, etxeetan eta Museoan bertan.

Eretzaberri institutuko DBHko 4. mailako 53 gazteen eta adinduen parte-hartzeak, entzute aktiboaren bidez, XX. mendearen erdikaldetik Cadaguako lantegietan ehundaka industria-lanpostu beteteko kapaz izan ziran emakumeen bizipenen alderdirik gizatiarrena ataratea lortu dau. Parte hartu dauen taldeak alkarrizketatutako emakumeen emozinoakaz konektetea lortu dau, ikasleen enpatia historikoa bultzatuz, eta batzuetan gazteentzat ulertuezinak diran iraganeko fenomeno historikoak ulertzea be lortu dau.

Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektu hori Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II. Planaren barruan sartzen da, planaren jarduketa arloetako bat emakumeen ahalduntze kolektiboa eta soziala dalako, emakumeek Bizkaiko historian, kulturan eta gizartean egindako ekarpenaren aintzatespena bultzatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu