Jose Mari Esparzak 'Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria' jaso dau
2024-03-08 10:20 KultureaBizitza osoan euskal kulturgintzearen alde egindako lanagaitik.
Jose Mari Esparza (Tafalla. 1.951) idazle eta editorea eskertuta eta hunkituta agertu da Bergarako Seminarixoa aretoan izandako Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria ekitaldian. Olaso Dorrea Fundazinoak eta Bergarako Udalak atondutako sariak, Esparza autortu nahi izan dabe, bizitza osoan euskal kulturgintzearen alde egindako lanagaitik.
Esparzak adierazo dauenez, txalupa txikia da geurea, datozen urteetan hondoratuko dana abertzale guztiak batzen ez bagara. Zorionez, Euskal Herrian badago jente asko sari utopiko hori merezidu dauena, geure herriaren jagole izan diralako. Saria guztiontzako da. Zuek gazteok, hurrengo belaunaldietako utopikoak, izango zaree geure herria jagongo debena.
2021ean, Telesforo Monzon hil zaneko 40. urteurrenaren testuinguruan, sortu ziran Monzon-Ganuza sariak. Euskal Herriari, bere kulturea, hizkuntzea, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini deutsen bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak autortzea dau helburu. Lehenengo Monzon-Ganuza Aaria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari emon eutsen, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Igazkoa, barriz, Xabier Amuriza bertsolari bizkaitarrak jaso eban.
Sari horrek generazino arteko lotura egitea be badau helburu, artista gazteen lana sustatzeagaz batera. Halanda ze, Esparzak Gala Knörr (Gasteiz, Araba, 1984) artista eta EHUko ikertzaileak egindako He was the adventurer artelana jaso dau. Fermin Balentzia abeslari nafarrak be parte hartu dau ekitaldian, Si canta Tafalla, canta Euskal Herria abestuz.
Ekitaldian bertan, Gorka Artola Bergarako alkateak be Esparzaren ibilbidea nabarmendu dau: Euskadizentrismoan bizi gara; erakunde publikook askotan geure Erkidegora mugatzen do geure lana, Euskal Herriaren bisino eta misino globala ahaztuz. Eta bat-batean Jose Marita gogorazoten dogu, eta konturatzen gara askotan Jose Marik eta bere kideek norabidea zehazten deuskuela Nafarroa hegoaldetik. Eta Monzon-Ganuza Sariak ikuspegi hori barreskuratzeko jaio ziran, hain zuzen be, Euskal Herrian dagozan erreferenteak autortzeko.
Esangura horretan, 2019an Tafallako uriolen ondorioz Tafalla eta Bergarako gazteen artean sortu diran hartu-emonak nabarmendu ditu Artolak: Nafarroa eta Gipuzkoa, Tafalla eta Bergara, hain urruti eta, era berean, hain gertu. Hain ezbardin eta, era berean, hain solidario. Eta zegaitik ez, hain parrandazale. Badakit herri bien artean sortu dan lotura polit horrek ez dauala Euskal Herriaren etorkizuna argituko, baina auzolanari esker sortutako hartu-emon horreei esker Tafalla eta Bergara gertuago gagoz.
Iratxe Esnaola Olaso Dorrea Fundazinoko presidente, barriz, Esparzari zuzendu jako: agendea militantea izan dozu. Bizitzea militantea izan da zeurea. Katedratikoek edota juristek salatzen ez ebena, langileek kontautakoa defendidu izan dozu. Eta ez dala besteek geure memoria barreskuratu arte zain egon behar, memoria burruka esparrua dala.
Esnaolak Esparzak saria jasotearen arrazoiak nabarmendu ditu: Horregaitik da saria zeuretzat, Jose Mari. Zeure bizitza osoa Euskal herriari, bere hizkuntza, kultura, historia eta etorkizunari eskaini deutsezulako. Zorionak bihotz-bihotzez eta mila esker herriari emon deutsazun guztiagaitik.
Jose Mari Esparza
Iruñeko salestarren eskolan egin zituan ikasketak eta 17 urtegaz hasi zan lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen daben fabrikan. 20 urtez izan zan metalgintzako langile eta sindikalista lana be egin eban, langileen eskubideak defendiduten. Fabrikan erabili eban lehen aldiz inprenta bat, panfletoak egiten ikasiz eta Fusión obrera aldizkari klandestinoa argitaratuz. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten eban editore militantea izan zan.
1987an, Juanjo Marko lankideatzeagaz batera, fabrikako lana ixtea erabagi eben eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako espiritu militante berberagaz, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komuniketako erabilten eben perkusino-tresnearen izena jarri eutsen, Txalaparta. Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatu da.
2018an, editore bezela Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, Apología. Memorias de un editor rojo-separatista, Txalaparta, 2018 liburu biografikoa idatzi eban eta Iparragirreren kantu ezaguna Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mobimentuari bultzadea emon eutson. Horrezaz gan, azken aldian liburu bi publikau ditu, Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria (Txalaparta, 2020) eta Gernikako Arbolaren biografia (Altaffaylla 2020).
Azken hilebeteotan, amaitzear zituan liburuak amaitzen egoala iragarri dau Esparzak eta amaitzen dituanean, guztira, 30 bat liburu izango ditu argitaratuta. Liburuez gan, ehunka artikulu idatzi ditu prensan eta mobimentu politiko askotan parte hartu dau, besteak beste, Eleizaren inmatrikulazinoen kontrako kanpainan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!