III. Tontolapiko Eguna Durangon martiaren 29an
2024-03-07 08:40 KultureaZazpi ikuskizun izango dira, doban.
Datorren martiaren 29an, Durangok Tontolapiko Egunaren hirugarren edizinoa hartuko dau, San Agustin Kulturguneak atonduta, Ganso & Cía-ren zuzendaritza artistikopean. Topaklown ordezkatzen dauen clown erakusketea egun parebako honek oporretan gozetako aukera parebakoa eskaini nahi dau, Euskal Herri osoko bisitariak erakarriz.
Ganso & Cía eta San Agustinen arteko 16 urteko lankidetzan zehar, clown munduan Estaduko erreferente bihurtu dabe Durango, programa barritzaileak eskainiz, besteak beste, Bingo boluda, Noches boludas, Gertu Fest, Tontolapiko eta Maluta.
Tontolapiko Egunak Ganso & Ciaren Welcome & Sorry ikuskizun barria aurkeztuko dau, ekitaldian zehar aurrestreinauko dana. Jardunaldia Aurora Abasolo parkean eta inguruetan egingo da, eta Landako Gunea izango da alternatiba euria egiten badau. Egitarauak zazpi ikuskizun eskainiko ditu, doban, eguerdiko 12:00etan hasi eta 20:30etan helduei zuzendutako aurkezpen bategaz amaitzeko.
Programea
- Koilara Teatroa, Tolondrados ikuskizunagaz: Saio bi goizean, 12:00etan eta 12:30ean, eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera. Komedia zentzunik bakoa, aktore biren arteko joko erradikala eszenan.
- Ganso & Cía taldearen Welcome & Sorry ikuskizun barriaren aurre-estreinaldia - 13:00ean. Antzerkia maite daben lagun bik Hamlet antzeztuko dabe, jatorrizkoaren aurrean leialtasun osoz.
Dozena bat artista eta teknikariren lana egin beharra, Shakespeareren hizkuntzan antzeztea eta talenturik eta trebetasunik ez izatea eragozpena ete da?
- Barbara Probst Bath-Flop (Frantzia) - 18:00etan. Publizidadearen munduari keinu eginez, Bath-Flop obreak publikoa luxuzko bainuontzi baten aurkezpen harrigarrian sartzen dau. Clown esperientzia bat performance bategaz lotuta, komertzialismoaren eta hiperkonsumoaren kritika moduan, saltzaile jeloskor bat bainuontzi errebelde baten atzaparretan jausiko da.
- Carol garel Recital... En Greve (Frantzia) - 18:30ean. Carolina bakarrik bueltauko da, Marie Gertrude personaiagaz, gure alderik muturrekoena, subersiboena, anarkistena eta inkonformistena erakusteko. Carolinak bere clown dimensino gizatiarrenetik eta, batez be, paradoxaz beterik hareengana hurbilarazoten gaitu. Ikuskizun honen bidez, gure aitita-amomen abestiak barrikusiko ditu, eta beren burruken historia kontauko deusku.
- Companie L’Abre á vache “Goodbuy Persil” (Frantzia) - 19:15ean. "Gizon bi Twingo gris batean, uriko lorategi publiko batetik gertu. Gidaria, txikia, alkandora zuria eta gorbata baltza jantzita, ule baltza ikutu grisakaz eta, bidaiaria, 1,90 m ingurukoa, ule luze baltza, kolore bereko bizar luzea, eta praka zuriak eta koadrodun alkandorea jantzita". Biek 50 metroko errepide bidaia eskainiko dabe.
- Oscar Terol Mundos para lelos - 20:30ean. Oscar Terolek persona guztioi ulergatxa jakun mundu baten errealidadea agirian ixten dau. Helburu bakarra da egunaren amaierara heldu ahal izatea, besteen begirada eta kritiketara konturatau barik igaro ondoren, gure ni tontoa ezkutatzen saiatuz, eguneko edozein
momentuta agertu daitekeena, gure bizitzak hondatzeko.
Antzerki eskaintzaz gan, animazinoz eta foodtruck-ez gozau ahal izango dabe bertaratzen diranek, familia osoari esperientzia ederra eskainiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!