Bizkaiko XIX eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketea Encartada Fabrika-Museoan
2024-03-05 13:32 KultureaEulalia Abaituaren argazkietan oinarrituta.
Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak; Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak; Ainara Martínez Matía La Encartada Fabrika-Museoko zuzendariak eta erakusketearen komisarioak diran Nekane Madariagak eta Aloña Intxaurrandietak aurkeztu dabe La Encartada Fabrika-Museoan garagarrilera arte ikusgai izango dan erakusketea.
Eulalia Abaitua Bilboko argazkilariaren lana oinarri hartuta, XIX eta XX mendeen arteko Bizkaiko baserri eta uri inguruetako emakumeen jantzien ezaugarrien zehaztasunak adierazoten dira Kameratik orratzera erakusketan. Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo) jantza taldeetako emakumeek josi ditue jantziak.
Erakusketan Eulalia Abaituaren hogei bat argazki, jantziak eta zenbait osogarri dagoz ikusgai, besteak beste, buruko eta lepoko zapiak, barruko erropak, txanbrak, jakak eta amantalak.
Leixuri Arrizabalagak adierazo dauenez, jantzi bakotxak historia bat dakar, tradizino bat, belaunaldiz belaunaldi transmitidu dan ondarea, gaur Kameratik orratzera erakusketearen bitartez ikusi geinkena, geure nortasun kulturala bizirik mantentzen lagundu daben persona guztien lan kantsauezinari esker. Diputaduak gehitu dauenez, La Encartada Fabrika-Museoa erakusketearen lehenengo egoitza izatea ez da kasualidadea. Museoak, ondare industrialaren ikur moduan dauen historia aberatsagaz, are gehiago nabarmentzen dau erakusketearen balioa. Benetako pribilegioa da obra hau hain ingurune enblematikoan aurkeztu ahal izatea.
Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendariaren berbetan, Kameratik Orratzera proiektuaren lehenengo zirriborroak ikustean, horren alde egin behar genduala sentidu neban. Sorkunde Aiarzak nabarmendu dauenez, Euskal kulturearen aldeko jarrerea da.
La Encartada Fabrika-Museoko erakusketan, Bilboko Euskal Museoak egindako digitalizazinoak erabiliz sortutako formatu handiko 24 erreprodukzino, jantzien ezaugarriak azaltzeko garaiko piezak, irudiak eta bestelako erreferentziak oinarri bezela erabiliz egituratutako lau jantzi oso eta jostun, patroigile eta tindatzaileen lana batuko dauen ikus-entzunezko bat izango dira.
Erakusketearen bitartez, Eulalia Abaitua argazkilariaren lana ezagutarazoten da, izan be, argazkiak informazino iturri parebako bihurtzen dira, emakume langileen jazkera gaietako ikerketea egiteko.
Erakusketea ibiltaria da, eta Bilboko Euskal Museoa barregituratze lanetan dagoan bitartean atondutako ekintzen artean kokatzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!