Bizkaiko Emakume Hautetsien VIII. Batzarrak familia, lana eta bizitza personalaren bateratze-erantzunkidea aldarrikatu ditu
2024-03-04 13:21 KultureaMaren abeslari bizkaitarrak 'Gernikako Arbola' kantau dau ekitaldiari amaierea emonez.
Martiaren 8a dala-ta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak eta EUDELek atondutako eta Gernikako Batzar Etxean egin dan ezohiko batzarrak Bilboko San Luis ikastetxearen lana autortu dau, bateratze-neurriak ezartzeko jardunbide egokiakaitik.Urtero egiten dan ekitaldi horretan, euskal alderdi politiko guztietako andrazko alkate, zinegotzi, batzarkide, diputadu, kongresuko kide, senatari, europarlamentari eta liderrak egon dira. Lurraldeko hautetsiek EUDELen Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak be sinatu dauena.
Gernikako Batzar Etxeak hartu dau orain dala ia hamarkada batetik hona genero-bardintasunaren alde lurraldean egiten dan burrukea irudikatzeko ekitaldia, arlo horretan nabarmendutako emakume edo erakundeen lanari errekonozimentua emoten deutsena. Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra zortzigarrenez alkartu da foru-urian, M-8a dala-ta, Bizkaiko Batzar Nagusia erakundeak sinatutako EUDELen Adierazpen Instituzionala irakurteko. Aldi berean, Bilboko San Luis LHko ikastetxeak Kontzilia proiektuaren barruan bere beharginentzako bateratze-neurriak ezartzeko egindako lana autortu da.
Kontuak kontu, Bizkaiko Legebiltzarrak eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) atondutako batzar hau Gernikako Arbolaren ondoan hasi da, gizonen eta andrazkoen arteko bardintasunean aurrera egiteko jai eta aldarrikapen giroan. Beti Jai Alai taldeko emakume jantzariek, antxinako eran jantzita, Lekeitioko Andrazkoen Aurreskua jantzan egin dabe. Ondoren, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Legebiltzarreko burua, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusia, Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko alkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria eta emakume omendu eta berbalariak sartu dira hemizikloan, askatasuna eta bardintasuna irudikatzen dituen oroimenezko zapiakaz batuta. Batzarretarako dei tradizionala adarragaz eginez hasi da bilkura berezia, Gernikako Batzar Etxeko osoko bilkuren aretoan.
Foru Kamarako burua bertaratutakoei zuzendu jake, ezohiko batzarra hasteko, Emakumeen Nazinoarteko Eguna baino astebete lehenago. Otaduik nabarmendu dauenez, gaurko eguna ezinbesteko hitzordua da Bizkaiko emakumeentzat eta horreen aurrean ahotsa altzetan dogu bardintasunezko gizarte baten alde burrukatzeko eta bardintasun eraginkorra eskatzeko esparru guztietan.
Bizkaiko bost udalerritako emakume hautetsi banak, jokera politiko guztiak ordezkatuz, EUDELek idatzitako Martiaren 8ko Adierazpen Instituzionala irakurri dabe. Batzar Nagusiak erakundeak be sinatu dauen Adierazpen horrek emakumeak historikoki ahaztu izanaren erreparazinoan ipini dau arretea aurten, edadekoetatik hasita. Udal bakotxaren aukerea eta ardurea da emakume-belaunaldien historia berreskuratu eta emakumeek burruka feministeak udalerrietako bizimoduari egindako ekarpenaren balioa autortea, gaur egungo edadeko emakumeen belaunalditik hasita.
Maren abeslaria, San Luis Ikastetxeari errekonozimendua eta Tania Llaseraren hasunarketak kontziliazinoari buruz
Maren abeslari bizkaitarrak hartu dau berbea, eta bere belaunaldiarentzat bateratze-erantzunkideak, aurtengo topaketearen erdigunean zer esan gura dauen azaldu dau. Gernikako artista gazteak emon deutso amaierea ekitaldiari, Gernikako Arbola kantauta Batzar Etxean bertan. Lehenago, Batzarrak saioaren zati bat gorde dau Tania Llasera Alberdi bilbotar komunikatzaile eta aktoreak berba egin daian berarentzat bateratze erantzunkideak dauen esangureari buruz, jarduera profesional biziko emakumea eta ama dalako.
Edizino honetan, Emakumeen Batzarrak San Luis ikastetxeari egin deutso autortzea, gizarte bardinzaleagoa lortzeko egindako ekarpenagaitik. Leire Ovejerok, Bilboko LHko ikastetxe horretako Bardintasun eta Kontziliazino Planaren arduradunak, jaso dau saria (Francisco de Mendietaren Eskumuinak koadroaren erreprodukzino bat; koadro hori osoko bilkuren aretoko leku nabarmenean dago eta emakumeen balioa azpimarratzen dau), eta familia eta lana bateragarri egitearen alde ikastetxeko zuzendaritzeak bere langileen artean martxan jarritako eta lan-giroa hobetzeko balio izan daben ekimenak azaldu ditu. Kontzilia Komunidadeko talde eragileko kideetako bat da Ovejero. Izen horregaz alkartu dira familia, lana eta bizitza personala bateragarri egiteko konpromisoa hartu daben enpresa batzuk, Eusko Jaurlaritzeak babestuta.
Batzarra amaitu eta Gernikako Arbolaren alboan erretratua egin dabe, erakundeetako arduradunakaz, alkateakaz, zinegotziakaz, batzarkideakaz, eusko legebiltzarkideakaz, kongresuko kideakaz, senatariakaz, europarlamentarioakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Kontziliazino erantzunkidea aldarrikatzeko, etxearen eta familiaren jagoletzeari jagokonez emakume eta gizonen erantzunkidetasuna lortu guran danak bat etorri dira eta, era berean, alor horretan erakundeen eta enpresen erantzukizun soziala eskatu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!