Bizkaiko 5 talde, Arabako 2 eta Gipuzkoako 1 dira First Lego League Euskadiko irabazleak
2024-03-04 12:13 KultureaAstegoienean Euskadiko 57 ikastetxetako 1300 gaztek hartu dabe parte.
Deustuko Unibersidadeak, Mondragon Unibersidadeak, Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) eta Innobasque Barrikuntzaren Euskal Agentziak atondutako txapelketeak 1.300 gazte batu ditu.
STEAM Hezkuntzearen arloko erreferentziazko programa honek urtero erronka bat proponiduten deutse ikasleei (aurten artea eta sormena buztartu behar izan ditue) eta horren bidez gazteek proiektu bat landu behar izan dabe, hainbat arlotan idea bat ikertu, probau, egiaztatu edota baztertu, balioztatu eta aldatu, eta, azkenean, beren ondorioak atara.
Astegoienean izan da XV. First Lego League Euskadiko finala Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, eta, ondokoak izan dira irabazleak: TREE-STYLE (Begoñazpi Ikastolea, Bilbo); SANFITEK TEK (San Fidel Ikastolea, Gernika); BERMIBOT SUPERNOVA (Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxea); EDUROBOTIC (STEM TOKI Edurobotic, Portugalete); WINNBOT (Berakruz Ikastolea, Markina-Xemein); LIZEOBOTS B (Santo Tomás Lizeoa, Donostia); LEGOKIDE 3 (Urkide Ikastetxea) eta TECNOBOTS ELBURGO (Gasteiz) nabarmendu dira talderik osoenak eta barritzaileenak izateagaitik
Irabazle izan diran zortzi taldeek Espainiako finalean parte hartuko dabe martiaren 16an, Alacanten. Han, beren barrikuntza-proiektuak aurkeztu eta robotak barriro be alkarren kontra lehiatuko dira, munduko finalera heltzeko. Mundu mailako final hori Houstonen izango da apirilaren 17tik 20ra.
Antolatzaileek esker ona adierazo nahi izan deutse torneoan lagundu daben 480 boluntarioei, hareek barik ezinezkoa izango baitzan lehiaketea egitea, baita babesleei be (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ingeniera Soy Elkartea eta egoitza bakotxean torneoaren babeste izan diranak), euren konpromisoagaitik.
XV. First Lego League Euskadi
STEAM Hezkuntzako (zientzia, teknologia, injinerutza, arteak eta matematika, ingeleseko siglatan) erreferentziazko programa bihurtu da bai Euskadin eta bai Espainian. Urteotan guztiotan, Euskadiko enpresa, teknologia-zentro, unibersidade eta erakundeen babesari esker, ikasleek aukerea izan dabe urte bakotxean planteautako erronkearen esparruan lan egiten daben ikertzaile, zientzialari eta teknologo profesionalen lana ezagutzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!