Mariasun Landak eta Juan Mayorgak jasoko dabe gaur BBK Gutun Zuria Bilbao saria
2024-02-27 08:15 KultureaGaur emongo deutso hasierea Gutun Zuria Jaialdiak.
BBK Gutun Zuria Bilbao saria, ohorezko makila, Mariasun Landak eta Juan Mayorgak jasoko dabe. Euskal makila tradizionala emongo deutsee, horren bidez errespetua eta errekonozimendua autortuz. Ganera, gutun zuri bat eskainiko deutsee sarituei, hurrengo edizinoan euren intereseko proiektu bat irudikatzeko.
Mariasun Landa euskerazko gazte literaturearen barritzailea da, eta ospe handia lortu dau egindako lanagaz; Txan fantasma, Iholdi eta Krokodiloa ohe azpian liburuak (Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazionala) klasikoak dira. Obran, gizarte garaikidearen kritikea antzemoten da beti, eta indarkeria, genero-rolak eta osasun mentala ikustarazoten ditu. Landaren lana hainbat hizkuntzatara itzuli da, eta, era berean, nabarmentzekoa da Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) egindako irakasle-lana, literaturearen didaktikako irakasle titular bezela.
Bestalde, literatura-adierazpen guztiez arduratzen dan jaialdi izanik, Azkuna Zentroak antzerkiaren eta egileen ekarpena autortu nahi dau 2022ko Letren Asturiasko Printzesa Saria eskuratu dauen Juan Mayorgaren bidez. Antzerkigilearen ustez, antzerkia topagune eta, beraz, gatazkarako edo gatazka irudikatzeko gune bat da. Era berean, isiltasuna alkarrizketearen oinarrizko zatia da berarentzat, isiltasuna beharrezkoa baita hurreko personeari entzuteko.
Horrezaz gan, gaur beste ekitaldi bi izango dira: Mariasun Landa eta Patxi Zubizarreta idazleen berbaldia eta Losa / Trio por uno (Perkusbika) musika emonaldia. Hiru ekitaldiak, arratsaldeko 19:00retan izango dira Azkuna Zentroan.
Sarrerak eta informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!