Dennis Kellyren 'Love & Money', martian Bilbon
2024-02-26 07:45 AntzerkiaPabilioi 6ko euskera hutsezko lehen produkzinoa martiaren 1etik 10era.
Martian, Love & Money antzezlana, Pabilioi 6eko Antzerki Laborategiak eta Gazte Konpainiak euskera hutsean egindako lehen lana da, eta oraingoz bakarra ikusiko dogu Bilbon.
Europan hain ezaguna da egile honen lana euskeraz antzeztearen arduraduna eta muntaiaren zuzendaria Cécile Marquette Azuelos da. Ingelesetik zuzenean euskerarako egokitzapena Idoia Barrondok egin dau. Bera arduratu da Kellyk hain berezko dauen ironiaz betetako hizkera gordina euskerara ekarteaz.
Love & Money, gordintasunez eta aldi berean umorez, konsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz hausnartzera gonbidatzen eta bultzatzen dauen antzezlana da. Eszenatokiaren gainean, Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz García Alonso, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano bost antzezlek osotutako talde batek zorrez lepo dabizan David eta Jess personaien istorioa kontauko deuskue, era berean, bikotearen infernurako gainbeherea erakusteaz be arduratuko dira. Holan, diruagaz obsesionauta dagoan gizarte batean maitasunetik zer geratzen dan hausnarketea egiteko asmoz.
Cécile Marquette Azuelos zuzendariak nabarmendu dauenez, Love & Money irakurteak hunkitu egin eban gizarte honetako errealidaderik basatienetako bati buruz berba egiteko dauen gaitasunak, zikoizkeria eta moralismoak baztertuz. Ahulak zein moralik bakoak, biktimak zein martirizatzaileak, eszenaratzen diran personaiak eguneroko bizitzakoa dira, beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presinoen artean harrapatutakoak, eta antzerkia erabilten dau personen pentsamoldea zabaltzen saiatzeko eta bizi garen munduaren inguruan gogoeta egitera animetako.
Alde teknikoan, Betitxe Saitua jantzien arduraduna da; María Casanueva eszenografiarena; Fernando Alcáuzar argiztapen-diseinuarena eta Maitane Zalduegi-Viar mobimentu eszenikoarena.
Antzezlana euskeraz antzeztuko da martiaren 1etik 10era, eta Korrika Kulturaleko agendearen parte izango da.
Sarrerak eskuragarri dagoz hemen.
Eguen, bariku eta zapatuko antzezlanak 19:30ean izango dira eta domeketakoak 19:00retan.
Dennis Kelly
Londresen jaio zen 1969an. Bere hizkera gordinarekin, umore trufariarekin eta gure egungo gizartearen gaitzak eszenaratzeko gaitasunarekin, berehala bihurtu zen bere belaunaldiko egilerik oparoenetako bat, eta baita in yer face antzerkiaren oinordeko duina be.
Antzerkirako egindako antzezlanen artean dagoz, besteak beste, Debris, Osama the hero, After the end, Love and Money, Taking care of baby, DNA, Orphans, The gods weep, The ritual slaughter of Gorge Mastromas eta Girls and boys.
Telebistarako, barriz, Utopia, Pulling (lankidetzan idatzitako eta sortutakoa) eta The third day (lankidetzan sortutakoa) idatzi eta sortu zituen, eta Black filmaren gidoia ere idatzi zuen. Horrez gain, Matilda The Musical obraren gidoia ere idatzi eban, Olivier eta Tony Award sarietan saritua, eta 2010ean DNA Bigarren Hezkuntzako Agiri Orokorreko literatura programaren nahitaezko testuen zerrendan sartu zan.
Love & Money 2006an idatzi eban eta umorez eta krudelkeriaz jorratzen ditu neoliberalismoaren eta bere personaiak hondoratzen dituan angustiaren bilakaera negatiboak. Personaia zaurgarriak zein immoralak, biktimak zein martirizatzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!