Argitalpen-proiektua aurkeztu dau Ramón Bareak egileetako batzuekaz batera

Bizkaie! 2023-09-27 11:28   Antzerkia

Pabilioi 6k antzerki-testuak argitaratuko ditu.



Hamabi urte honeetan zehar, Pabilioi 6k produkzino propio ugari sortu ditu. Horreetako batzuk behin baino gehiagotan antzeztu dira. Orain beste urrats bat emon dabe testu horreek argitaratuz eta irakurle bakotxak beste besaulki batetik, berreikusi ahal izango ditu. Antzezlan testu horreek bizitza eszenikoa izan dabe eta izaten jarraitu leikie.

Bildumea ale bigaz hasi da: Ramón Barearen Palabrismo eta Javier Liñeraren Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? (euskerazko bersinoa Idoia Barrondok egin dau). Liburu bi horreen ondoren beste batzuk etorriko dira, berbarako, estreinetako dagozan testuak; orain urte batzuetako testuak; gaztelaniazko eta euskerazko testuak; antzezlan luzeetakoak baita pieza laburretakoak (Antzerki Arineko Jardunaldietan aurkeztu eta nabarmendu ziran testuak); Gazte Konpainiako egileek idatzitako testuak; liburu batzuk antzezlan bigaz eta beste batzuk bakarragaz. Asmoa da astiro-astiro argitalpen barriak plazaratzea, gitxi gorabehera hilebetero bi. Kasu batzuetan, argitalpenak musika, diseinu eta bestelakoez horniduta etorriko dira. Eta gehigarri bezela, muntaiaren argazki batzuk beti eroango ditue txertatuta. Felipe Loza, Patxo Telleria, Braulio Cortes, Unai Izquierdo, Iñigo Cobo, David Caiña, Galder Pérez, Lander Otaola, Ana García eta beste batzuk izango dira hurrengo aleen egileak.

Helburua antzerki-sorkuntzako ondare bat sortzea eta horri eustea da. Holan beste konpainia batzuek muntaiak egiteko, eskoletako praktiketan erabilteko edo beste barik, gustura irakurteko. Ramón Barearen eretxiz, antzezlan testu interesgarriak ditugu eta horreek ez dira galdu behar. Proiektu jaiobarri honek ikuskizunetako soinu-bandak argitaratzea eta testuak irrati-nobela (soinu-fikzinoak) bihurtzea aurreikusten dau.

Argitalpenak P6ko taldeak autoeditau ditu, liburuaren inprimaketEa Bilbon egin da eta liburuen azalaren diseinuaz Maria Casanueva eta Lucia Sáiz arduratu dira.

Argitalpenek www.pabellon6.org webgunean atal bat izango dabe eta bertatik, online bidez, erreserbau daitekez. Pabilioi 6ko leihatilan be erosteko aukerea egongo da eta, laster, baita liburudenda espezializatu batzuetan be. Prezioa 12 eta 18 euro bitartekoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu