UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 531 miloe euroko aurrekontu proiektua onartu dau 2024rako

Bizkaie! 2024-02-23 08:29   Kulturea

Bost miloe erabiliko dira Unibersidade Sistemearen Lege Organikoa (USLO) ezartzeko.

Euskal Herriko Unibersidadeko Gobernu Kontseiluak 531 miloe €-ko aurrekontu aurreproiektua onartu dau 2024rako. Aurreproiektua abenduaren 14an aurkeztu eben organo berean. Aurtengo aurrekontua 531.031.332 eurokoa da, eta 2023koa, barriz, 494.543.014koa izan zan. Beraz, 7,38 euroan hazi da igazkoaren aldean. Proponidutako 531.031.332 horreetatik, 466.148.132 aurrekontu arruntari jagokoz: horreetatik 39.433.200 € programa kontratuetarako dira, 25.000.000 € Inbersioen Urte Anitzeko Planerako eta 450.000 €, barriz, Gizarte Konseilurako.

Totalaren % 72,79 Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik datoz, eta beste % 27,21a kanpoko iturrietatik. Kanpo sarrera horreen % 8,42 tasei jagokez, eta gainerako % 18,79 unibersidadeak bere jardunetik sortutako sarrerak dira (kanpoko kontratuetatik, ikerketa proiektuetatik, berezko tituluetatik datozenak eta bestelakoak).

Aurrekontu barrietan azpimarratzekoa da, besteak beste, 32 miloe azpiegiturak hobetzeko erabiliko dirala (aurten 25 miloe Medikuntza eta Erizaintza Fakultadearen eraikin barrira bideratuko dira), Azpiegiturak Hobetzeko Urte Anitzeko Plan Bereziari lotutako beste inbersino batzuekaz batera, eraikinen jasangarritasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeari begira. Era berean, nabarmentzekoa da 5 miloe erabiliko dirala Unibersidade Sistemearen Lege Organikoa (USLO) ezartzeko, irakasle laguntzaile doktoreen irakats ahalmenaren murrizketak kontratazino barrien preminea ekarri baitau.

Aurrekontuen proiektua onartu dalarik, Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Eva Ferreira esker oneko agertu da ekimenak jasotako babes zabalagaitik: Gaurdanik, tresna on bat daukagu ekitaldi honi aurrera egiteko: oso positiboa begitantzen jat aurrekontu honeek onartu izana. Bestalde, aurrekontuen nobedadeetako batzuk azpimarratu nahi ditut: partida bat izango baitogu ikerketa intensiboko guneak sustatzeko, eta beste partida bat fakultade eta eskolei laguntzeko Plan Estrategikoari lotutako atondutako jardueretan eta azkenik, unibersidadeak jasoten dituen dohaintzetarako aurreikusi dogun dirusarreren partidea.

Orain aurrekontu proiektua Gizarte Kontseiluari aurkeztuko jako, ondo bidean, 2024ko martiaren 13an onartu daian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu