Bilbon, Errekaldeko XII. Umorezko Antzerki Erakustaldiak lau proposamen eskainiko ditu

Bizkaie! 2024-02-21 11:14   Kulturea

Zezeilaren 29an eta martiaren 5, 14 eta 21ean izango dira.

'Espejismo-Metamorfosis de una cucharilla'. Koilara Teatroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Programan, Zaragoza, Galizia, Katalunia, Valentzia eta Euskadiko konpainien lau ikuskizun dagoz: Teatro Indigesto (Zaragoza) Secuestrados lanagaz; A Vela Circo (Galicia – Euskadi) El último que apaque la luz lanagaz; Koilara Teatro (Catalunya – Euskadi) Espejismo-Metamorfosis de una cucharilla lanagaz; eta Las Couchers (València) Charlas de azucarillo lana eskainiko dabegaz.

Koilara Teatroaren Espejismo-Metamorfosis de una cucharilla obrea Mostra’t 2022 Saria jaso dau gizonezko interpretazino onenagaitik. Sartzea doban da aforoa bete arte, baina ordubete lehenagotik gonbidapena jaso beharko da Udaltegian, gehienez persona birentzat.

Proposamenak 19:00retan hasiko dira eta helduentzako dira.

Eguena, zezeilak 29, 19:00retan. Teatro Indigesto (Zaragoza) Secuestrados lanagaz azalduko jakuz. Kontuak ez du itxura onik eta okerrera doa; beraz, guk daukagu konponbidea. Badakigu egitekoa arriskutsua dala, baina ez daukagu ezer galtzeko, ez baitaukagu ezer, eta asko dogu irabazteko, zuek zaituegulako. Zenbat balio dozu? Zenbat ordainduko leukie zugaitik? Benetan garrantzitsua zara? Bardin da, guretzat bazara, gure bahitua zara. Beraz, ez izan bildurrik, baztertu kezkak: ez gagoz zoratuta, badakigu zer nahi dogun. Secuestrados antzerki-inprobisazinoko bihurrikeria bat da. Edozein auzotatik ataratako personaje bik zehatz-mehatz atondutako bahiketea, euren istorioko bahituak partekatu eta partaide bihurtu guran.

Martitzenean, martiaren 5ean, 19:00retan. A Vela Circo taldeak El ultimo que apague la luz aurkeztuko dau. Gure zirkuaren familien adostasunagaz eta tradizinoak errespetauta, hona gogoeta bat: pailazo bi ezkonduko balira, zer gertatuko litzateke? Umoretik eta zirkutik, ikuskizun honen abiapuntua ezkontzea erabagi daben pailazo bik sortutako unibersoa da. Zer jazo daiteke? Ospakizun zoro honek tradizino batzuen zergaitiaz hausnartzen lagunduko deusku. Tartea hondatuko dabe eta lore-sortea jan?.

Eguenean, martiaren 14an arratsaldeko, 19:00retan. Koilara Teatro taldeak Espejismo-Metamorfosis de una cucharilla erakutsiko dau. Denda tradizional baten jaubeak ezustean bezero berezi bat hartuko dau, saltzeko abilezia zalantzan jarriko deutsona. Ala... bezeroa ez ete da dirudiena? Ala... dendea ez ete da beste zeozer? Auzokideen arteko liskarrak, munstroen armadak, telefono-deiak, konplizidadea, maitasuna eta traizinoa. Ikuskizun honek erakusten deusku espazio-denporearen eta mundu paraleloen kontzeptuak –logikearen larderiak ezarriak– guzur hutsa dirala.

Eguena, martiak 21, arratsaldeko 19:00retan. Las Couchers taldeak Charlas de azucarillo eskainiko deusku. Consuelo eta Socorro euren publikoagaz abiatuko dira osoketa, hobekuntza eta birjaiotze-bidaia batean. Las Couchers esaten deutsen bikote honek, bere aholkularitza-enpresearen bidez, jenteari zoriontasunera eta barruko-bakera bueltetan laguntzen deutso. Badakie euren publikoko kideek bizitzan zehar gorabehera itzelak izan dituela. Horregaitik, euren sendaketa-formuleagaz, postmodernidadearen eta antxinako tradizinoaren arteko nahasketeagaz, umore-klabean ilustrauko ditue jenteak barriro be bizitza oso bat izateko behar diran tresnak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu