Bilboko Erlijinoen Mahaiak partzela bat atondu dau musulmanentzako

Bizkaie! 2024-02-21 09:38   Kulturea

Partzeleak 2.160 lur-emote egiteko lekua dauka.



Erlijinoen Mahaia aldian behin batzen da, gogoetak egiteko eta kontzientzia eta erlijino askatasunaren aldeko ekintzak gauzatzeko. Azken hileotan, Bilboko Erlijinoen Mahaiak (udal ordezkarien eta uriko konfesino erlijioso aktiboen ordezkarien alkarrizketa-foroak) zeremonietan eta lurperatzeetan konfesino erlijinosoek dituen beharrak aztertu ditue eta gogoeta horri esker, Bilbao Zerbitzuak alkartearen lankidetzeagaz, Bilboko Udal Kanposantuak persona musulmanak lurperatzeko partzela barria dauka.

Kontxi Claver Bardintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazinoko zinegotziak, Álvaro Pérez Osasun eta Konsumoko zinegotziak eta erlijinoen ordezkariek bisitea egin dabe Bilboko kanposantuan eta egiaztatu dabe egin diran aldaketek bermatzen dabela persona musulmanak euren sinismenen arabera lurperatu daitekezala.

Jarduera hori Bilbo Kultur arteko uri bihurtzeko Udalaren helburuan kokatzen da: Erlijinoak eta horeetako ordezkariak oinarrizko gizarte-eragileak dira, herritar aktibo eta parte-hartzaileen adierazpena. Bilboko Udalak horreekaz lan egiten eta uri gero eta edegiago eta inklusiboago baten alde jarraitu gura dau,  Kontxi Claverrek bisitaldian nabarmendu dauenez.

Esangura horretan, Álvaro Pérezen eretxiz, Bilboko Kanposantuan zenbait hileta mueta atontzen dira, alde etiko, kultural eta erlijiosoak eta familien nahia kontuan izanik, errespetua eta duintasuna bermatu behar jakez. Gure kulturea nortasun eta sinismen askoren arragoa da, eta diskriminazino barik adierazoteko aukerea egon behar da.

Bilboko Udal Kanposantuak, 2008tik, musulmanak lurperatzeko egokitutako partzela bat dauka, 80 lur-emoteko lekuagaz. Gaur egun, 49 persona daugoz lurperatuta. Beraz, edukierea datozen urteetarako aurreikuspenen araberakoa zan. Horren aurrean, Bilboko Erlijinoen Mahaiak alkarrizketa eta kolaborazino prozesu bati ekin eutson Bilboko komunidade musulmanagaz, beharrezko aldaketa guztiak zehazteko. Horren ondorioz, usadio musulmanaren araberako protokolo bat sortu eta partzela bat sortu da horretarako.

Partzela estreinau barriak 2.160 lur-emoterako lekua dauka. Horrek bermatzen dau musulmanen eskaerei erantzungo jakela, epe luzean espazio-arazorik barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu