130 ikasle Europako 6 herrialdetara joango dira enpresetan praktikak egiteko

Bizkaie! 2024-02-20 10:12   Kulturea

Gazteek 13 astez jardungo dabe punta-puntako enpresa eta erakundeetan.

Erasmus+ programeari esker, laster nazinoarteko esperientziari ekingo deutsen Euskadiko 130 ikasleak (Bizkaiko 63, Arabako 27 eta Gipuzkoako 40) batu ditu HETEL-ek, bidaiaren nondik-norakoak azaltzeko helburuz. HETEL-eko ikastetxeek bultzatu egiten dabe ikasleek praktikak egitea Europako enpresetan, hainbat arrazoirengaitik: hizkuntza gaitasunak hobetzea, parte-hartzaileen autonomia, erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna garatzea eta maila personalean eta profesionalean esperientzia ahaztezina eskaintzea. Horrezaz gan, gero eta Euskadiko enpresa gehiago dabiz nazinoartera zabaltzen eta, beraz, gure enpresek nazinoartean lan egiteko gaitasuna daben teknikari eta profesionalak behar ditue.

HETELeko Erasmus programako arduradunek, María Pandok eta Amaia Ibarluzeak, bidaiaren nondik-norakoak azaldu deutsee ikasleei, eta, batez be, aukera hau aprobetxetako animau ditue. Ekitaldi honetan Rural Kutxako arduradunek be parte hartu dabe, izan be, goi-mailako Erasmus+ bekak SEPIE-k finantzietan ditu eta Eusko JaurlaritzakoHezkuntza Sailak eta Rural Kutxak diruz laguntzen ditue.

Rural Kutxak gazteen eta lanbide-heziketaren alde egiten dau, HETEL-egaz sinatutako akordioaren bidez. Akordio horrek aukerea emoten deutse HETEL-eko goi-mailako ikasleei bekeari esker atzerrian prestakuntzea jarraitzeko; holan, enplegagarritasunerako oinarrizko gaitasunak eskuratzen laguntzen dau.

Ikasleen profila

HETEL orain 25 urte baino gehiago hasi zan ekimen horretan parte hartzen, Europako Erasmus+ oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzako mobikortasun programen barruan. Ekimenean parte hartzen daben Lanbide Heziketako 130 gazteak HETEL-eko oinarrizko, erdi edo goi mailako prestakuntza ziklo bateko bigarren mailan dagoz, 17 eta 21 urte bitartean ditue eta martitik bagilera ibiliko dira praktikak egiten atzerriko enpresetan. Oinarrizko mailakoen kasuan 4 aste emongo ditue atzerrian maiatzean.

Hizkuntza eskakizuna asko aldatzen da personearen arabera (A1 mailatik C2 mailara), baita profil profesionala be (automatizazinoa eta robotika industrialeko ikasleak, administrazino kudeaketea, galdaragintzea, anatomia patologikoa...), baina bakotxaren enpresea aldagai horreen arabera erabagiten da, ahalik eta esperientziarik onena lortzeko.

Esangura horretan, HETEL-ek, barrikuntzarako eta nazinoartera zabaltzeko jokerea dauenez, programa horreetan parte hartzeko aukerea emoten deutse ikasleei, Europa mailako prestakuntzea sustatzeko. Programa horretan parte hartuta ikasleek hizkuntza trebetasunak hobetu eta konfidantzea, egokitzeko gaitasuna eta alkarlanerako jokerea sendotzen dabe. Horrezaz gan, beren prestakuntzea enpresen beharretara egokitzen dabe, gero eta globalizatuago dagoan munduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu