Hyperion, Euskadiko superordenagailu barria

Bizkaie! 2024-02-20 08:27   Kulturea

Hezkuntza Sailak 5.925.000 miloe euroko inbersinoa egin dau.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibersidade eta Ikerketako sailburuordeak eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek, Hyperion superordenagailua bisitau dabe, Donostia International Physics Centerren (DIPC) kokatua dagoan Superkonputazino Zentroan.

Hyperion, potentzia handitu ondoren, Estaduko hirugarren superordenagailu indartsuena da, eta Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Euskal Sareko ikertzaileei emoten deutse zerbitzua. Zehatz, ondoko honeek hartzen ditu erabiltzaileen sareak: bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketako Zentroak (BERC), Euskadiko unibersidadeak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC nanoGUNE eta CIC biomaGUNE), Ikerketa Sanitarioko Zentroak (Biogipuzkoa) eta Zentro Teknologikoak (Tecnalia).

2017tik hona, Hezkuntza Sailak 5.925.000 miloe euroko inbersinoa egin dau superkonputazinorako ekipamendua eskuratu eta hobetzeko. Horreetatik 2,8 miloe, Hyperion eregi eta martxan jarteko izan dira.

Hyperion, beste proiektu batzuen artean, galaxien eraketea eta material barrien portaerea simuletako, teknologia kuantikoetan, adimen artifizialean, eta kimika konputazinonalean garatzeko erabilten da.

Superkonputazino Zentroko zuzendari Txomin Romerok azpimarrau dauenez, Hyperionek 14.000 nukleo baino gehiago eta 150 TBko RAM memoria ditu, eta bere aurreko Atlas superordenagailuaren potentzia hiru aldiz handitu dau. Gaur egun, geure ekosistemako 500 zientzialari baino gehiagori emoten deutso zerbitzua.

Hyperion eregitea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren estrategia globalaren barruan kokatzen da, hau da, komunidade zientifikoari bere lana egiteko behar dituan tresnak eta azpiegiturak emoteko estrategian. Horri esker, oraingoan DIPCn Hyperionegaz egin dan lez, BERC Biofisika Bizkaiak bereizmen handiko krio-mikroskopio elektronikoaren momentuko eredurik aurreratuena dauka, eta BCBLn magnetoentzefalografiako ekipo barritzaile bat instalau da jarduera kortikala erregistretako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu