Badator III. Magia Hurbiletik Jaialdia
2024-02-14 09:57 KultureaZezeilaren 23an, 24an eta 25ean izango da La Fundicion Aretoan.
Magia Hurbiletik Jaialdia bueltan da: Zezeilaren 23an, 24an, eta 25ean izango da, Deustuko La Fundición aretoan. Bilboko Mago Ilusionisten Alkartearen (AMIB) eta Ilusionismoko Bizkaiko Alkartearen (AVI) lankidetzeari esker egindako jaialdia da. Atontzaileen esanetan, Euskadiko arte eszenikoen karteldegian dagoan hutsunea betetzen jarraitzea: helduentzako ilusionismoarena da asmoa.
Aurtengo Magia Hurbiletik edizinoan hiru ikuskizun programatu dira: Tor eta Txoborroren Aztikeriak; Jaime Figueroaren Hablar entre dientes; eta Miguel Angel Gearen Mensajes. Sarrerak salgai dagoz dagoeneko hemen. Horrezaz gan, hiru egunetarako bonoa eskura daiteke 30 euroren truke.
Tor eta Txoborro mago euskaldunak izango dira jaialdia inauguratzeaz arduratuko diranak, bikotean egingo daben Aztikeriak ikuskizunagaz; euskerazko hitzordua, eta edonorentzako modukoa. Ikuskizunean karta-jokoak, igarkizunak, desagerpenak, iges-nahia eta baita lebitazino-saio bat be izango dira ikusgai. Zezeilaren 23an izango da, barikuan (19:00). Publiko guztientzat.
Hurrengo egunean, zezeilaren 24an (zapatua), Jaime Figueroa madrildarraren txandea izango da, jaialditik adierazo dabenez edizinoko show maltzurrenagaz. Figueroa magoa ezen ez, bentrilokuoa da, eta diziplina hori bere muntaketetan be barneratzen dau. Bere eskuetan, papela, garagardo-botilea eta preserbatibo bat be izango ditu. Bilboko La Fundición aretoan publiko helduarentzako Hablar entre dientes ikuskizuna aurkeztuko dau.
Jaialdia zezeilaren 25ean amaituko da (19:00), Miguel Angel Gea andaluziarraren bisitagaz. Mensajes izango da La Fundición aretora ekarriko dauen ikuskizuna. Bertan Geak karta eta txanponegaz egindako magia dau ardatz. Betiko lez, jarduera paraleloak programau dira profesional eta zaleentzat, izan be, hiru egunetan zehar tailerrak eta hitzaldiak egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!