EAEko lau ikastetxeek eskola-aldizkari digitala proiektuan parte hartzen dabe

Bizkaie! 2024-02-14 08:45   Kulturea

Programeak ikasleen artean pentsamendu kritikoa eta prentsea irakurteko ohiturea sustatzen ditu.

Bizkaiko hiru ikastetxek eta Arabako batek bat egingo dabeRevista Escolar Digital (RED) proiektuagaz. Espainiako eta Andorrako 100 ikastetxetako 5.000 erredaktore baino gehiago izango ditu 2023-2024 ikasturtean. Eskola-aldizkarien sare horren helburua pentsamendu kritikoa sustatzea da, nerabeen artean komunikabideen erabilerea sustatzea eta bizipenen bidez ikasgelan zeharkako gaitasunak lantzeagaz batera. Horretarako, ikastetxe bakotxak formatu digitaleko eskola-egunkari bat sortzen dau. Ikasleek zuzentzen eta idazten dabe, irakasle baten laguntzeagaz eta Junior Report egunkariko kazetari profesional baten koordinazinoagaz.

Proposamena Euskal Autonomia Erkidegoan jarri da martxan bigarren hezkuntzako eta batxilergoko hainbat ikastetxegaz, berbarako, Larramendi Ikastolea, Basauri Ikastetxea, UribeKosta B.H.I eta Samaniego IPI (Gasteizko ikastetxea).

Eskolako egunkariaren lan-plana kazetari eta pedagogoek diseinau dabe eta, saioen bidez, informazinoa kudeatzeko, arazoak konpontzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko erronkea bota deutse ikasleei. Erredaktore junior lez, RED proiektuan parte hartzen daben ikasleek erredakzino-kontseilu batean parte hartzeko aukerea izango dabe, persona ospetsuak alkarrizketatzeko eta kazetaritza-generoak lantzeko, podcastak, bideoak eta multimedia-edukiak sortuz. Kazetari gazteek kredentzialak izango ditue kultura, gizarte eta kirol-ekitaldien barri emoteko eta sarean gaurkotasuneko gai handiak landuko ditue beste ikastetxe batzuetako kazetariakaz.

2023-2024 ikasturte honetan, 5.000 erredaktoreek beren hurreko ingurunearen barri emongo dabe Katalunia, Madril, Euskadi, Valentzia, Andaluzia, Zaragoza, Galizia, Murtzia,Gaztela-Mantxa eta Andorrako lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetatik. Proiektuan parte hartzen daben ikastetxeen erdiak publikoak dira.

2018an Revista Escolar Digital (RED) proiektua hasi zanetik, 4.000 artikulu baino gehiago argitaratu dira, hainbat uritako gazteek sinatuta, hainbat hizkuntzatan, besteak beste, katalanez, gaztelaniaz, euskeraz, ingelesez eta frantsesez. Aldizka, eskolako egunkari bakotxak newsletter bat bialtzen deutso bere hezkuntza-komunidadeari, eta 30.000 harpidedun erregistretan ditu familien eta irakasleen artean. Eskola aldizkarietako artikulurik aitagarrienak RED Report aldizkari kolaboratiboan argitaratzen dira, gazteen eretxi eta bizipenen bozgorailu bilakatzeko asmoz.

RED proiektua Junior Report gazteentzako gaurkotasuneko egunkariaren ekimena da, Blue Globe Mediak argitaratua eta egunero albiste global bat eskaintzen du, testuinguruan
kokatuta eta ikasgelan lan egiteko baliabideakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu