'Sedukzinoa. Zeintzuk ziran emakumeek eta gizonek gustukoen zituen esentziak'

Bizkaie! 2024-02-14 08:00   Kulturea

Hitzordua zezeilaren 14an izango da, 18:00etan.

Bilboko Berreginen Museoak San Valentin eguna ospatuko dau. Lurrina sedukzinorako tresna legez ezagutzera emoteko asmoz, erakunde bizkaitarrak ohiz kanpoko berbaldi bat eskainiko dau, museoan ikusgai dagoan aldi baterako erakusketea oinarri: Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras. Itziar Martija Berreginen Museoko teknikariak eskainiko dau.

Usaimenaren eta sedukzinoaren arteko loturea, hain zuzen be zientziak behin baino gehiagotan egiaztatu dauena eta Maiteminduen Egunean merkatariek gogorarazoten deuskuena. Antxinako Egiptoko figura historiko batzuk, besteak beste, Kleopatra, beti lotu izan dogu usaimenaren bidezko sedukzinoaren ideagaz. Bere lurrin eta ukenduak liburu eta artikulu amaibakoetan jorratu ditue, bai eta film eta komikietan be. Beste erregina bat be, Hatshepsut, sarritan lotzen dabe Punt lurraldera espezie eta erretxina bila egindako espedizinoakaz. Material estimadu horreekaz eta beste material ohikoagoakaz esentziak, lurrinak eta ukenduak egiten zituen Antxinako Egipton. Helburu kosmetiko eta erlijinozkoak zituen eta seduziduteko be erabilten zituen.

San Valentin egunean Berreginen Museoak eskainiko dauen hitzaldiak azken helburu hori izango dau ardatz, sedukzinoa, hain zuzen be. Jarduera horren bidez ezagutzera emongo da zeintzuk ziran emakumeek eta gizonek gustukoen zituen esentziak, zein landare edo elementu naturaletatik etozan, zelan fabriketan ziran eta zelan ezagutu ditugun.

Gaiaren harian, hain ezaguna ez dan Egiptoko historiaren zati bat ezagutzeko eta Maiteminduen Eguna beste era batera ospatzeko aukera parebakoa da. Berbaldia entzuteaz gan, parte-hartzaileek lurrin horreetako batzuen osogaiak ikusi eta usaindu ahal izango ditue eta lurrin ospetsuenaren errezetea eroango dabe etxera.

Kontuak kontu, doban izango dan berbaldia zezeilaren 14an egingo da Bilboko Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea, 14). Parte hartu nahi dabenek aldez aurretik izena emon beharko dabe telefono zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu