Antonio Lauzuricak 'Chillida-Elogios' estreinauko dau

Bizkaie! 2024-02-13 12:29   Musikea

SGAE Fundazinoa-AEOS alkarlanaren emoitzea.

Robert Treviño zuzendari titularraren gidaritzapean, Euskadiko Orkestreak Antonio Lauzurica konpositoreak musikautako Chillida-Elogios obrearen erabateko estreinaldia aurkeztuko dau zezeilaren 15ean eta 16an, Donostiako Kursaal Jauregian, 19:30ean.
 
Lana, 2006tik Orkestra Sinfonikoen Espainiako Alkarteagaz (AEOS) dauen Enkarguzko Obra sinfonikoak Sortzeko Pizgarrien programearen emoitzea da. Eduardo Chillida eskultore donostiarrari omenaldia egingo deutso haren jaiotzearen mendeurrenean, eta Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko agertoki nagusietan oholtzaratuko da, zezeilaren 19, 20 eta 21ean, hurranez hurran.

2024an, SGAE Fundazinoak eta AEOSek Enkarguzko Obra Sinfonikoak Sortzeko Pizgarriak emoteko lankidetza-hitzarmena barritu dabe, SGAEko kide diran egileen sormena sustatzeko eta laguntzeko helburuari eutsiz. Erakunde biek, enkarguzko sei obra egiteko bidea erraztu dabe aurten, AEOSeko kide diran orkestrek egindako proposamenak guztiak. Orkestra bakotxak gehienez proposamen bi aurkezteko aukerea izan dau.

Programeak, Espainiako 30 orkestra baino gehiago ditu alkartuta, eta 6.000 euroko zuzkidura-ekonomikoa aurreikusten dau sortutako obra bakotxeko. 2024ko deialdia, zezeilean bertan edegi da, 1etik 14ra hain zuzen be.
 
Estreinaldien eta Musika Edizinoaren programeagaz batera, SGAE Fundazinoak 130.000 euroko diru-laguntzinoak emon ditu sorkuntza sinfonikoa bultzatzeko. Azken 17 urteetan, Tomas Marco, Alberto Posadas, Teresa Catalan, Marisa Manchado, Raquel Garcia-Tomas, Jesus Torres, David del Puerto, Jesus Rueda edo Gabriel Erkoreka lako egileek jaso ditue hiru programa horren laguntzinoak.

Antonio Lauzurica (Burgos, 1964)

Gasteizko Jesus Guridi Konserbatorioko harrobi agortezinetik urtendako hainbeste konpositore handietako bat da, Carmelo Bernaola maisuaren ikaslea (1929-2002) eta, ondoren, Eliott Carteregaz Avignonen (Frantzia) eta Franco Donatonigaz Sienako (Italia) Akademia Chigianoan hezitakoa. 1989an Konpositore Gazteentzako SGAE Lehiaketan hirugarren saria jaso eban, baita Sienako (Italia) Alfredo Casella 1995 Nazinoarteko Konposizino Lehiaketean bigarren saria be.

Horreezaz gan, 34. edizinoko Musika Konposizinoaren Reina Sofia Saria irabazi eban. Alkarte askok enkarguetarako aukeratu dabe, besteak beste, March Fundazinoa, Donostiako Musika Hamabostaldia, Alacanteko Musika Garaikidearen Nazinoarteko Jaialdia, Euskadiko Orkestrea, BBVA Fundazinoa, Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazinoa eta Euskal Herriko EIO Orkestrea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu