San Balendin Eleizondon (Zeanuri), artea neurtuz eta Nestor Basterretxea gogoratuz, zezeilaren 18an

Bizkaie! 2024-02-13 10:28   Kulturea

65 urte beteko ditu artea neurtzearen tradizinoak.

Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan, San Balendin egunaren hurrengo domekan, zezeilaren 18an. 2024koa artea neurtzen daben 65. urtea izango da. Gainera, aurten Nestor Barrenetxea artista bermeotarra gogoratuko da. Nestor Basterretxeak 2024an ehun urte beteko leukezala atxaki, 2025era arte hainbat jarduera atondu ditue 20 erakundek baino gehiagok, bere ondareraren zabalatasuna eta sakontasuna gogoratzeko. Eleizondoatarrek be garautxoa ipiniko dabe mendeurren horretan, Basterretxeak diseinautako kurutzea jarrita dagoalako parrokia eta ermitearen artean.

Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, aldi berean, bitxia atondu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan. Santua eleizatik atara eta herriko umeak agurra jantzan egingo deutse eta ostean ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko. Jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutse eta neurketearen aktea sinatu eta gero, orain arteko maiordomoak —Itsasne Atutxak—, datorren urtekoari —Igor Intxaurragari— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, Basterretxearen eskulturearen aitamena egingo da eta ondoren barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da Eleizondora hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala hirurogeta bost urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hamabost urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Artearen neurketea

Pedro Lejarza eleizondotarraren arabera, “Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta(+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta ondokoa irakurri daiteke:

La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.

Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papeltxu batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro eta 2008an neurtzeaz gan, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Gainera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) aurduratu zan 2105era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an bere lekukoa Igor Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Ordutik bera da neurtzailea.

Igaz arteari hartutako neurria honako hau izan zan: 192 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?

Nestor Basterretxea eta Eleizondoko Kurutzea

Datorren maiatzaren 6an 100 urte beteko dira Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) jaio zala. Hori dala eta, Euskal Herriko hogei kultur erakunde eta entidadek baino gehiagok hainbat ekimen sustatuko ditue aurten eta datorren urtean: erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultura- eta argitalpen-jarduerak. Eleizondo auzoko (Zeanuri) San Balendinetan be gogoan izango dabe Nestor Basterretxea.

Euskal artistarik eraginkorrenetako eta polifazetikoenetako bat izan zan Basterretxea, eta euskal artea barritzen gehien lagundu eban, joan dan gizaldiko 50eko hamarkadatik. Pinturan eta eskulturan, zineman, ilustrazinoan, diseinuan eta euskal kulturaren sustapenean egindako lanaren zabaltasunak eta sakontasunak bere ibilbidea figura poliedrikoa eta berezko eskubidez estimagarria bihurtzen dabe.

Basterretxea Mendeurrenak hainbat erakusketa eta jarduera atonduko ditu haren figurearen alderdiak jorratzeko. Egitaraua zezeilaren 28an hasiko da Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura Bilboko Arte Ederren Museoan zabalduko dan erakusketearen inaugurazinoagaz. Baina, hamar egun lehenago, zezeilaren 18an Eleizondon, San Balendin jaiaren inguruan be gogoratuko da artista bermeotarra, bere lanetako bat auzune horretan jarrita dago eta: Gorbeiako Kurutzearen mendeurrenerako diseinau eban kurutzea.

* Nestor Basterretxearen kurutzea: Gorbeiako Kurutzearen mendeurrena ospatzeko Zeanuriko Udalak Nestor Basterretxeari egindako enkargu bat da. Andra Mari parrokia eta Piedadea ermitearen artean dago kokatuta, Gorbeiako Kurutzera begira. Basterretxeak inaugurazino egunean (2003-XII-21) adierazo ebanez, eskulturea hibej tokiaren sagradutasuna indartzen dau. Korten altzairuzkoa da; sei metroko altuerea eta bi mila eta larehun kilo inguruko pisua daukaz, eta barrutik hutsa da.

Eskultura hau 2003ko abenduaren 21ean inaugurau eben, Nestor Basterretxearen presentziagaz. Orduan, artista bermeoatarrak honako berbak esan zituan: Nire zeregina kurutze moderno bat egitea izan da, baina Gorbeiako Kurutzean oinarrituta. Estetikoki, argi eta garbi industriala dan egitura lineal konplexu bategaz diseinauta dago, eta horrek originaltasun nabarmena emoten deutso, estetikoa eta estatikoa —forma eta funtzinoa— unidade moduan ebatziak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu