Hemeretzi artista eta kolektiboren 27 artelan erosi ditue
2024-02-12 12:58 KultureaEuskal artearen aldeko jarrerea berretsiz.
Eusko Jaurlaritzeak 2020tik ondare historiko-artistiko publikoa aberasteko eta eguneratzeko eskuratzen dauen Bilduma Partekatua aurkeztu dau gaur. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emondako 200.000 euroko dirulaguntzinoaren bidez, Artium Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak erosketa-batzorde bateratua lan egin dabe, zer artelan erosi erabagiteko.
Halanda ze, batzordeak indartu egiten dau museoen eta arte garaikidearen praktiken eta hizkuntzen esparruan lan egiten daben zentroen arteko jarduera koordinatua. Eskuratutako ondare-funtsak Artium Museoaren bildumearen parte izango dira, eta fitxa teknikoetan Bilduma Partekatuaren esparruan erositako obrea izentapena jasoko dabe.
Erositako lanek hainbat diziplinatan lan egiten daben jarduneko artista profesionalen autoretzakoak dira, besteak beste, pinturea, eskulturea, zinemea, bideoa, marrazketa edo argazkigintzea. Guztira, 19 artistaren eta kolektiboren 27 lan dira.
Bilduma Partekatua sortzeko proiektu hau, lehen aldiz, 2020an jarri zan martxan, pandemia garaian, Covid-19ak gogor eragindako sektore ezegonkor batean ekonomia arintzeko helburuz. 2020ko eta 2021eko deialdietan 150.000 euroko inbersinoa egin zan, baina 2022an, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal artearen alde egin eban, partidea 50.000 euroan handituz. Beraz, edizino honetan 200.000 euroko inbersinoa finkatu da.
Artium Museoan egin dan aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Arabako Diputadu Nagusi eta Artium Fundazinoaren Patronatuko presidente Ramiro González, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal izan dira.
Zupiriak nabarmendu dauenez, proiektu horrek geure museoen eta arte garaikidean espezializautako euskal zentroen arteko ekintza bateratu eta koordinatua indartzen laguntzen dau. Lankidetzea da geure arte-sistemaren oinarrietako bat.
Bilduma Partekatua 2023
Bilduma Partekatua erosteko proposamena, urtero lez, Bilboko Arte Ederren Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Vitoria-Gasteizko Artium Museoak alkarregaz egindako planteamendu bat oinarri hartuta egiten da. Aurkeztutako artelanen eta artisten aukeraketea hiru erakunde artistikoek osotzen daben batzorde batek egin dau. Guztira, 19 artista edo kolektiboren 27 lan erosi dira Bilduma Partekatuaren funtsa handituz. 13 emakume eta 10 gizon dagoz zerrendan.
Bilduma Partekatuan ondoko artista honeen artelanak dagoz: Xabier Salaberria (Donostia, 1969); Maddi Barber (Lakabe, 1988) eta Marina Lameiro (Iruñea, 1986); Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echávarri (Iruñea, 1988); Xare Álvarez Berakoetxea (Donostia, 1990); Pedro Osés (Iruñea, 1942) eta Juanjo Aquerreta (Iruñea, 1946); Ainara LeGardon (Bilbo, 1976); Álvaro Perdices (Madril, 1971); Isabel Herguera (Donostia, 1961); Naia del Castillo (Bilbo, 1975); Karlos Martínez Bordoy (Bilbo, 1976).
Aukeratutako obrek praktika artistiko garaikidea gauzatzeko formatuen eta tekniken aniztasunari erantzuten deutsee: pinturea, argazkigintzea, eskulturea, zinemea, bideoa, instalazinoa, audio-instalazinoa, marrazketea eta obra grafikoa, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!