Euskaltelek eta Deustuko Unibersidadeak talentu emergentearen alde egin dabe

Bizkaie! 2024-02-12 10:15   Kulturea

Ikasgela teknologiko bat sortzea da asmoa.

Euskaltelek eta Deustuko Unibersidadeak talentu emergenteagaz eta barrikuntza eta prestakuntzeagaz daben konpromisoa indartu eta, lankidetza horren emoitza lez, Euskaltel – Deustu Ikasgela Teknologikoa sortu dabe.

Orain arte, erakunde biek lankidetza estua eben eta lankidetza hori gehiago estutu zan 2023an. Orain, agirian geratu da aukera parebakoa dala digitalizazinoko, teknologia barrietako, adimen artifizialeko eta datu-analisiko ikasleentzat, izan ere, aliantzak beste bultzada bat jaso dau: Euskaltel – Deustu Ikasgela Teknologikoa jarri dabe eta holan jasoa geratu da Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendari nagusiak eta Asier Perallos Deustuko Unibersidadeko Injinerutza Fakultadeko dekanoak egindako sinadura-ekitaldian: Harro gagoz holako proiektu bat martxan jarteaz. Konpromiso argia dogu talentu emergenteagaz eta, beraz, ezinbestean sartu eta sustatu behar dogu gure lankidetza-programetan adierazo dau Euskalteleko zuzendariak. Deustuko Unibersidadeko dekanoak, barriz, ondokoa nabarmendu dau: Injinerutzearen zenbait arlotan erreferentzia diran enpresakaz ditugun aliantzak finkatzea pozgarria da gure fakultadearentzat. Pozik gagoz ikasgela teknologikoa sortu dogulako; proiektu horri esker, gure ikasleek telekomunikazino-operadore baten —kasu honetan, Euskaltelen—benetako arazoak ezagutu eta profesionalakaz batera lan egin ahal izango dabe erronka teknologikoak konpontzen.

Ikasgela teknologiko barri honen bidez, sei hilebetez, Deustuko Injinerutza Informatikoko bost ikasle hautatuk bekak izango ditue tutore profesionalakaz batera Euskaltelen Sistemak – IT arloko erronka teknologikoetan lan egiteko. Hodeiko inguruneakaz ibiliko dira lanean eta, besteak beste, adimen artifizialeko hizkuntza naturalaren bidez aplikazinoak landu eta arriskuak eta iruzurrak aztertzeko negozio-arauak sortuko ditue.

Erakunde bien arteko aliantzearen barruan, Euskalteleko profesionalak master classak emoten dabiz Deustuko Unibersidadean. Klase horreetan, ikuspegi praktikoa emoten saiatzen dira ikasleei eta ikasten dabizen ezagutzak enpresa-munduan apliketan erakusten deutsee, izan be, Euskaltelentzat tresna ezin hobea dira katedrak eta ikasgelak talentu emergentea sustatzeko. Holan, operadorearen helburua da ikasleak lankidetza-programetan sartzea eta hareei aukerea emotea beren trebetasunak eta gaitasunak diziplina aurreratuetan apliketako.

Enpresa biek autortu dabe egungo egoera teknologikoan garrantzitsua dala etorkizuneko profesionalei laguntzea eta oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzea. Eta, hain zuzen, unibersidadearen aurreko lankidetzea, ekimenon bidez, estrategia arrakastatsua da talentua indartzeko eta telekomunikazinoen eta teknologiaren eremuan barrikuntzea sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu