Gerediagako artxibora Karlos Merinoren funtsa eta Madalena auzoko argazkiak

Bizkaie! 2024-02-08 11:03   Kulturea

2024. urterako argazki erakusketa bi atontzen dabiz Elorrion eta Durangon.

1967an, Ezkurdin, XIV. mendeko herejia gogoratzeko ekitaldia (Foto Merino). | Ikusi handiago | Argazki originala

Batetik, Karlos Merino Martinez argazkilari durangarraren argazkiak, eta bigarren, Madalena auzoan azken urteetan atondutako argazki erakusketetarako batutako irudiak. Kasu bietan, Gerediaga Alkartearen argazki artxiboan gordeko da materiala. Asmoa, argazkiak sailkatzea eta digitalizetea, alkartearen webgunean ikusgai ipintea eta Gerediaga Alkarteak argazkiak ezagutzera emoteko ekimenak atontzea.

2024. urterako argazki erakusketa bi atontzen dabiz Elorrion eta Durangon. Igaz artxiborako eskuratutako funts bietako argazki batzuk erakutsiko ditue: Alejandro Landabururen eta Ignacio Ansorenaren argazkiak.

Karlos Merino Martinez

2023ko martiaren 18an hil zen Karlos Merino Martinez. 60ko eta 70eko harmarkadetako Durangoko egunerokoa islatu eban zuri-baltzezko argazkietan, hau da, paisajeak, durangarrak, jaiak, kaleko bizitzea eta kirol ekitaldiak.

Bastidan jaio zan, 1935ean eta gaztetan heldu zan Durangora. 21 urtegaz argazkigintzan interesau zan. Ezkondu eta gero, tailer bat zabaldu eban etxean argazkilari lanari ekin ahal izateko. Dendea be zabaldu eban Ermodo kalean 1968an. Urte gitxi egon zan zabalik. 1973an zarratu eta itsasora lanean joan zan eta itsasoan be argazkiak egiten jarraitu eban. Durangora bueltau zanean, barriz, Zornotzako Argazkari argazki dendakoentzat ezkontza-argazkilari modura lanean jarraitu eban.

Karlos Merinoren familiak Gerediaga Alkartean itxi ditu haren argazkiak. Papelezko kopiak, diapositibak eta negatiboak dira, batez be, 35 milimetroko negatiboak. Durangoko Alde Zaharreko argazkiak nabarmentzen dira, baina durangarrak, Durangoko jaiak, Durangon atontzen ziran kirol ekitaldiak be osotzen dabe funtsa. Karlos Merino mendizalea zan eta Durangaldeko mendien argazkiak eta familia argazkiak be azpimarratzekoak dira.

Madalenako argazki zaharrak


Madalena auzoa, gaur egun Landako etorbidea (Juanjo Bernasek itxitako argazkia Madalena jaietako argazki erakusketarako).

Durangoko Madalenako jaietan, auzoko argazki zaharren erakusketak atondu dira azken 10 urtetan. Auzoko argazkizaleen taldea ibili da argazkiak batzen. Madalena auzoko bizilagunek itxitakoak izan dira erakutsitako irudi asko. Urte horreetan guztietan erakutsitako argazkiak Gerediagako artxiboan gorde, sailkatu eta, beste funts batzuetako argazkiakaz batera, alkartearen webgunean erakutsiko dira.

Erakusketak

2023an, Durangaldeko argazkilari biren funtsak eskuratu genduzan Gerediaga Alkarteko artxiborako. Ignacio Ansorena durangarraren eta Alejandro Landaburu elorriarraren argazkiak sailkatzeko lanean gabiz ordutik. Egiten gabizan lanaren erakusgarri, Durangon eta Elorrion erakusketak atontzen gabiz eta Elorrioko Iturri Kultur Etxean eta Durangoko Museoan izango dira ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu