Bermeoko Aratusteak, zezeilaren 9tik 17ra

Bizkaie! 2024-02-08 09:56   Pil-pilean

Bermeo prest dago kolorez eta mozorroz jazteko.

Edade eta gusto guztietarako ekimenak atontzen saiatu dirala adierazo dau Aratusteetako egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak. Etxebarriagaz batera egon dira Iker Bilbao San Nicolas Euskera eta Hezkuntza saileko zinegotzia eta Aratusteetan ekimenak atontzen dituen taldeetako ordezkariak.

Txaloka taldeak eskainiko dauen Diskopuntx umeentzako antzezlan parte-hartzaileagaz hasiko da barikuan Aratusteetako egitaraua Bermeoko Kafe Antzokian, 18:00etan; sarrerak lau euroan dagoz eta salgai dagoz Gizarte eta Kultura Etxean edo giglon.com webgunean. Umeei zein gurasoei mozorrotuta kaleratzeko deia egin deutse kultura zinegotziak.

Zapatuan, Alkartasuna Dantza Taldeak, Txosna Batzordeak eta KIETB erraldoi txiki konparsakoek atonduta, Lantzeko Inauterien txandea izango da, herriko kaleak kolorez, jantzaz eta musikaz betez. Eguerdiko 12:30ean hasiko dabe kalejirea Gizarte eta Kultura Etxean, eta Lameran amaituko dabe Miel Otxin erreteko. Herritar guztiak gonbidau ditue Lantzeko inauterietan parte hartzera. Jai giroak zapatuan, Artza frontoian jarraituko dau, bertan batuko baitira herri bazkaria egiteko.

Coro Rociero Maikak be zapatu eguerdian egingo dau Aratusteetako kalejirea.

Aratusteetan ohikoak diran tostada txapelketak be izango dira. Batetik, astelehenean, Demiku Jubilatuen Elkarteak atondutakoa egongo da 16:00etatik aurrera, Gizarte eta Kultura Etxeko sotoan. Tostada txapelketaz gan, musikeagaz girotuta, mozorro txapelketea, meriendea eta jantzaldia be izango ditue.

Martitzenean, barriz, Erroxape Emakumeen Elkarteak atondutako tostada txapelketea 18:00etan hasiko da alkartearen lokalean.

Egun garrantzitsua izaten da martitzena Bermeon. Goizean goiz eta eguerdira bitartean, herriko ikasleek kaleak beteten ditue. Aurten, herriko ikastetxe guztiek bat egin dabe eta batera egingo dabe kalejirea, edade tarteka banatuta. Mozorroen gaia be bateratu egin dabe eta Itsasoa goiburupean ibiliko dira eta, beraz, itsasoaren mundu zabalaz beteko da Bermeo Aratuste martitzenean.

Eguerdiko 12:00etan, Erretenetik hasita, Erroxapeko Martxako emakumeek Bermeoko kaleak alaituko ditue euren musika eta mozorroakaz. Aurrerago, 13:30ean, Ross Dantza Eskolakoen jantza erakustaldia egongo da Lameran. Eta, arratsaldean, barriz, kantsau arte jantzan egiteko aukerea izango dabe txikiek zein nagusiek, 17:00etatik 19:00retara, Lameran egongo dan Disko Txiki Dantzan taldeagaz.

Eta aurten, indartuta datorren XXI. Tabernen Mozorro Txapelketa ere Aratuste martitzenean izango da. Kultura zinegotziak azaldu dau, aurten lan handia egin dogu Tabernen Mozorro Txapelketan. Tabernen parte hartzea bultzatu asmoz, banan-banan bisitatu ditugu herriko tabernak, eta txapelketan parte hartzera animatu ditugu, herria eta herritarrak animatzen laguntzeko modua be badalako, nabarmendu dau. Lan horri esker, aurrekoetan baino taberna gehiagok emon dabe izena, gaur arte, 18 tabernak. Parte-hartzaileakaz mapa bat egin da, eta etxebizitzetako atarietan jarteaz gain, udalaren sare sozialetan be zabalduko da.

Halan eta guztiz be, Etxebarriak gogorarazo dau oraindino be badagoala Tabernen Mozorro Txapelketan parte hartzeko aukerea, astelehenera arte (zezeilak 12) izena emon daitekeelako. Irabazleak, Aratuste martitzenean bertan jakinarazoko dira, epaimahaiak taberna guztiak bisitau ondoren.

Zezeilaren 16an, 17 eta 18an, Aratusteetako jaia hartuko dau Goiko Plazak, Bermeo Magikoak atonduta. Food truckak, musika, umeentzako ekintzak eta bestelakoka egongo dira herritar guztien gozamenerako.

Zezeilaren 16an, barikuan, Kanta Kanta Loruen kalejireak girotuko du iluntzea: 20:00etan hasiko dabe kalejira Goiko Plazatik eta mozorrotuta joateko deia egin dabe.

Azkenik, aurtengo Aratusteetako egitarauari amaierea emoteko, Spookypheria Productions alkarteak atontzen dauen Vade Retro jaialdia egongo da zapatuan (zezeilak 17): Gaueko 21:30ean hasiko da Bermeoko Kafe Antzokian: Unholy Covers eta DC Data izango dira jaialdia girotzeaz arduratuko diranak. Sarrerak salgai dagoz 12 euroan (Luma liburu dendan eta bermeokokafeantzokia.com) edo egunean bertan 14 euroan leihatilan. Sarrera bakotxetik euro 2 Eutsi Gogor Danok Batera alkartearentzako izango dira.

#bermeoaratuste24

Kultura zinegotziak Aratusteetan erabiliko dan traolaren barri emon dau: #bermeoaratuste24. 2024ko aratusteetan, otsailaren 9tik 17ra, kuadrillen mozorro argazkiak Bermeoko Udalaren sare sozialetan konpartidutea bultzatu gura dogu; binaka edo taldekako argazkiak izan beharko dira, eta zezeilaren 9, 10, 13, 16 eta 17an Bermeon egindako argazkiak baino ez dira kontuan hartuko. Instagramen (@bermeoudala) eta Facebooken (@bermeokoudala) Bermeoko Udala izentau beharko da eta #bermeoaratuste24 traolea erabili, azaldu dau Etxebarriak.

Argazkiak ezin izango dira iraingarriak edo diskriminatzaileak izan, ezta arrazakeria, sexismoa edo LGTBI fobia adierazi ere ez. Era berean, argazkia sare sozialetan jarten dauena izango da argazki horreetan agertzen diran personen baimena jasoteko arduraduna, batez be, edade txikikoen kasuan. Bermeoko Udalak igotako argazkiak bere sare sozialetan konpartiduko ditu, herritarren artean kuadrillen mozorroak zabaltzeko.

Otsailaren 19an, astelehenean, parte hartzen duten guztien artean delikatesen produktuekin osotutako otzara bat zozketatuko da. Jai giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animau nahi ditugu. Espero dogu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jaiotan ondo pasetea, adierazo dau Etxebarriak.

Azkenik, Aratusteetako egitaraua osotzen laguntzen daben alkarte, talde, ikastetxe eta bestelakoen laguntzea eta parte hartzea eskertu dau, horreek danak barik ezinezkoa izango litzatekeelako holako egitarau bat atontzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu