Maria Goicelayaren 'Yerma', BBK Salaren lehen produkzino propioa Bilbon
2024-02-07 09:59 KultureaAzken bost antzezlan ikusteko aukerea egongo da.
Goiricelaya 2023ko Max Sarietan © José María Reyna-Fundación SGAE
Antzerki-egokitzapen edo bersino onenaren 2023ko Max saria irabazitako antzezlana martiaren 1etik 3ra (gaztelaniaz) eta 9an eta 10ean (euskeraz) ikusi ahal izango da azken aldiz bere sorlekuan
Martiaren 2ko saioa ikusmen-ezintasuna daben personentzat egokituta egongo da. Antzezlanari hasierea emon baino lehen, touch tour bat eskainiko jake eta funtzinoan zehar audiodeskribapen-zerbitzua erabili ahal izango dabe.
Yerma
BBK Salaren lehen produkzino propioa izandako Yerma antzezlana (2021) sorlekura bueltau da hiru urteren buruan. Salaren konfigurazinoa berariaz egokitu da antzezlan hau hartzeko, eszenografia berezi handia baitau emonkizunak, besaulki-patioaren zati bat hartzen dauelako, eta harmaila mobikor txiki bi ezarriko dira, funtzino bakotxeko ehun bat laguneko edukiera murriztua hartzeko –aretoan 430 besaulki egoten dira–. Azken 30 hileotan antzezlana Espainia osoko hamaika antzokitan ibili dan arren, Bilboko Kale Nagusiko lokalean baino ez da eskainiko da, obrearen sortzaile María Goiricelaya dramaturgo eta zuzendariak taiutu bezela. Yerma gaztelaniaz ikusi ahal izango da martiaren 1ean, 2an eta 3an eta, euskeraz, barriz, hilaren 9an eta 10ean. Antzezlana BBK Salan ikusteko azken bost aukerak izango dira horreek. Sarrerak salgai dagoz 12 euroan.
Yerma antzezlana 2021ean estreinau eben, bai euskeraz eta bai gaztelaniaz, eta hurrengo urtean BBKren Gizarte Ekintzaren aretora bueltau zan, kritikearen eta publikoaren aldetik izandako erantzun bilaina lagun. Dagoeneko hirurogeita hamar emonaldi baino gehiago eskaini ditu Euskadin eta Espainia osoan barrena. Adibidez, Huescako Antzerkiaren eta Dantzaren Nazinoarteko Azokan, Madrilgo Erkidegoko Udagoieneko Jaialdian eta Egile Garaikideen Espainiako Antzerkiaren Erakusketa ospetsuan (Alacant) ikusi ahal izan da.
Horrezaz gan, asteon, hilaren 8an, Madrilen estreinauko da, Fernán Gómez Antzokian, eta zezeil osoan egongo da bertan ikusgai. Joan dan apirilean Cádizen emondako 2023ko Max sarietan, Goiricelayak antzerki-egokitzapen edo bersino onenaren saria irabazi eban. Urte haretan izentapen gehien izandako antzezlana izan zan. Goiricelaya, bestalde, finalista be izan zan eszena-zuzendari onenaren kategorian, eta antzezlanean protagonista, Ane Pikaza, emakumezko aktore onenen artean egon zan izentauta, seme-alabak izateko ezintasunari aurre egin behar deutson Bilboko gaur egungo emakume baten rolagaitik. Pikaza bera, hain zuzen ere, amatasun-bajan egon ondoren bueltauko da Yerma antzezlanera Madrilgo Fernán Gómez Aretoan. Bien bitartean, Sandra Fernández Agirre aktorea ibili da haren ordez. Pikazak jardungo dau Yermako protagonistearen rola interpretetan martian BBK Bilbao Salan izango diran azken emonkizunetan. Martiaren 2ko saioan, BBK Gizarte Ekintzako guneak, ONCE erakundeagaz lankidetzan, beste pausu bat egingo dau kultura inklusiboaren alde eta ikusmen-ezintasuna daben personei egokitutako funtzinoa eskainiko dau. Horretarako, touch tour edo ukipen-bisita bat egongo da saioari hasierea emon baino lehen; hau da, ibilbide gidatu bat egingo dabe eszenografian barrena, eta bertan atrezzoa, jantziak eta beste hainbat elementu ikutu ahal izango ditue. Era berean, audiodeskribapen-zerbitzu bat erabili ahal izango dabe, entzungailuen bidez. Sarrera egokituak 94 405 88 24 telefonora deituz erreserbau daitekez; ganerakoak, barriz, BBK Salaren webgunean eta leihatiletan dagoz eskuragarri.
Martian BBK Salaren lehen produkzinoak, besteak beste, Villabona, Castelló eta Zumarragarako bidea hartuko dau.
Antzezlanak erakusteko areto ez eze arte eszenikoen produktore independente be izateko jarrera sendoan, BBK Salak ez dau baztertu 2021ean Yerma emankizunagaz hasitako lana. Hurrengo urtean, Borderland ganbera-opera estreinatu eban, Marta Eguilior bilbotarrak sortu eta zuzendua, ha be 2023ko Max sarietan izentauta (errebelazino-egile onena). Urte haretan, BBK Sala izan zan, produkzino propio bigaz, sari horreetan izentapen gehien zituan euskal erakundea (lau guztira), Euskadiko ganerako antzoki, konpainia eta produktore guztiak gaindituz. 2023an, produkzino propio bi sortu zituan. Urtarrilean, Yarin dantza-piezea aurkeztu eben, euskal jantzen eta flamenkoaren arteko alkarrizketa modukoa, Jon Mayaren (Kukai Dantza) eta Andrés Marínen eskutik (2022 Dantzako Sari Nazionala). Aste Nagusian, barriz, ¡Agur, Otxoa feroz! musikala estreinau eben, eta agortu egin ziran programautako 12 funtzinoetarako 5.200 sarrerak. Aurten, 2024an, BBK Salak produkzino propio barri bi eskaintzeko asmoa dau; zehetasunak aurrerago emomngo ditue eta horreekaz sei muntaketa izango ditu bere katalogoak lau urtean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!