'Xiberua kantu loraturik' ikuskizuna estreinauko dabe
2024-02-06 12:29 KultureaZuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez plazaratuko dabe.
Ekialdean, Zuberoak kantu-memoria luzea dau. Tradizinotik hasita, Pirinioetako iparraldeko magalean bizi dian sortzaileek gaur egungo kultura garaikide aberatsa dabe, esaterako, Pastoralak eta Maskaradak eta hemen bizi ziran Etxahun-Iruri eta Pierre Topet Etxahun. Kantua arte eder bihurtutako lurraldea da Zuberoa.
Abesti herrikoi horren oinarrizko aberastasunagaz esperimentetako deia egiten deusku Loraldiak, izan ze, produkzino propioak sortzen ditue eta Xiberua Kantu loraturik izango da aurtengo protagonistea. Loraldiaren zortzigarren produkzinoa da eta zezeilaren 22an estreinauko da Iruñeko Gayarre Antzokian eta ondoren, Euskal Herrian birea egingo dabe.
Loraldiak sortzaile talde aparta batu dau ikuskizun horretarako, halanda ze, Iparraldeko musikari eta ahotsik ederrenak eta barritzaileak: Maddi Oihenart (Ahotsa), Ihitz Iriart (Ahotsa), Beñat Achiary (Ahotsa eta perkusinoa), Julen Achiary (Ahotsea eta perkusinoa), Mixel Etxekopar (Txirula eta ahotsa) eta Jordi Cassagne (Biolea). Horreezaz gan, Eliane Héguiphal-en argazkiak erakutsiko dira eta gaur egungo euskal kulturearen erreferente Pierre Vissler izango da bertan.
Korrika kulturala
Xiberua kantu loraturik ikuskizunaren estreinaldia da Nafarroako Korrika kulturalaren egitarauaren ardatz nagusia. Ganera, ez da Loraldiak Korrika kulturalean parte partzen dauen lehengo aldia, izan be, beste produkzino bi estreinau dira esparru horretan: Kalaportu (2019) eta Hautsi da anphora (2022).
Produkzino horrek biak Euskal Herriko hainbat tokitan izan ziran, publikoaren erantzun bikaina lortuz eta saio guztietan sarrerak agortuz.
Loraldia
Loraldia 2014an sortu zan Bilbon, euskerazko kultura garaikideko jaialdi bezela. Jarduerak gora egin dabe urtez urte, aurten hamargarren urteurrena ospatuz. Jaialdia, Eskola, Produkzinoak, Gaztea, Plaza, Digitala eta Lorazainak ekimenen eragilea da.
Loraldiak euskerearen unibersoaren iruditeria garaikidea adierazo eta etorkizuneko eszenatokia eskaini nahi dau. Halanda ze, Euskal Herri osoan euskerazko kultur eskaintzearen eragile erreferente eta sustatzaile bihurtzen da. Lan arloetakobat, Produkzinoak, hain zuzen be, euskerazko kultur industrian laguntzinoa emoteko eta ikuspegi eta proposamen bereziak zabaltzeko sortu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!