Anjel Lekuona busturiarraren memoria jasoten dauen totema inaugurau dabe

Bizkaie! 2024-02-06 08:44   Kulturea

Gerra Zibilean erbesteratua eta nazismoaren biktima izan zan Lekuona.

2022an, Busturiko herriak omenaldi ekitaldia egin eban eta Altamira auzoan Stolperstein bat jarri zan (estropezuaren harria), Euskadiko lehenengoa, Anjel Lekuonaren omenez, geure memoria historikoa eregiten laguntzeko.

Busturiko Udalak beste pausu bat emon dau herriko memoria historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko lanean, Anjel Lekuona busturiarraren omenezko totemaren inaugurazinoagaz. Anjel Lekuona nazismoaren biktima izan zan eta 1945ean deportau eta fusilau eben nazien kontzentrazino-esparruan, Hradistkon (Txekiar Errepublika).



Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburu Nere Melgosak, Txekiako enbaxadore Libor Sečka eta Busturiko alkate Aitor Aretxagak Busturia eta Hradistkoren arteko senidetzearen garrantzia azpimarratu dabe, oroimen historikoa berreskuratzeko eta personen duintasuna itzultzeko prozesuaren oinarrizko puntu lez. Herriak biak lotuta dagoz historiako jazoera tragikoen ondorioz, eta lotura horrek udalerri biak senidetzea ekarri dau, adiskidetasun eta lankidetza konpromisoagaz.

Nerea Melgosak nazismoaren biktima guztiak gogoratu gura izan ditu Anjel Lekuonaren omenaldian: Nazismoaren biktima guztiak be omentzen ditugu, izan be, lehenik gerra zibilagaitik eta gero II. Mundu Gerragaitik, euren bizitzak zapuztuta ikusi zituen beste hainbat persona sinbolizetan ditu Anjelek. Persona horreek gizakiaren oinarrizko eskubideen mueta guztietako urraketak jasan zituen eta askatasuna eta demokrazia defendiduteagaitik hil ziran. Gure ikerketen arabera, 253 euskaldun deserriratu zituen nazien esparruetara, eta erdiak horreetan hil ziran, tartean Anjel Lekuona.

Herri biak lotzen dituen jazoera historikoek zerikusia dabe Angel Lekuona busturiarragaz. Anjel Lekuona 1945eko apirilaren 10ean fusilau eben, Hradistkon, Hirugarren Reicheko kontzentrazino-esparruan, preso egoala, Frantziatik deportatua izan ondoren, Gerra Zibilaren ondoren Frantzian erbesteratuta egon zan eta. Haren erraustutako gorpuzkinak Pragako kanposantuko memorialean gorde dira, hildako beste preso batzuen gorpuzkiakaz batera, errausketa-lantegiko arduradunei esker, eurek gorde eta dokumentau zituelako.

Busturiko Udala sentsibilizauta dago geure Memoria Historikoaren jazoera horreekaz eta joandakoa berreskuratzeko eta haren garrantziaren alde egiten dauen lanaren barruan, Txekiako Hradistko herriagaz Senidetze Ituna sinatu barri dau: Itun hori udalerri bien artean dagozan adiskidetasun eta senidetasun loturetan oinarritzen da, baita bestearen historia alkarren artean ezagutzearen garrantzian be, Bigarren Mundu Gerran udalerri bietako biztanleen halanbeharrak oso lotuta egon baitziran. Udalerri biek uste dabe senidetzea bide bat dala bakea eta herrien arteko harmonia lortzeko eta horri eusteko, bai eta hainbat herrialdetako urien arteko interes komunak lotzeko be.

Txekiar Errepublikako enbaxadore Libor Sečka Busturira egindako bisita instituzionalak alkarbizitzarako, adiskidetasunerako eta lankidetzarako gogoa nabarmentzen dau: Mundu osoak bakea gura dau, gaur inoiz baino beharrezkoagoa. Horretarako ezinbestekoa da herrialdeen arteko harmonia. Parkamena, errekonozimendua, hausnarketa eta ezagutzea oinarrizkoak dira bakea babesteko. Gure herrian espiritu parte-hartzaile eta integratzaileagaz gabiz lanean bakearen kulturea eregiteko. Gure egunerokotasunean eta belaunaldi barrien hezkuntzea, balio baketsu eta demokratikoekaz aberazteko lan egiten dogu, hemen bertan dagozen herriko eskolako umeen artean, horretan konpromiso sendoa dogu.

Busturia eta Hradistko senidetze proiektuan bat egiten dogu balio horreekaz. Herri honi lotuta gagoz Memoria Historikoa dala eta. Baita bakea eregiteko sentimendua eta nahia be, esangura guztietan aberasgarria izango dan proiektuan, arlo sozialean, kulturalean, eta ekonomikoan, gizarte gizatiarrago baten barruan' nabarmendu dau Busturiako alkate Aitor Aretxagak.

Anjel Lekuona busturitarraren omenezko totemaren inaugurazinoa izan da herri bien arteko lehen ekitaldi instituzionala, senidetzea sinatu ondoren.

Anjel Lekuonaren historia bere loba Anton Gandariasek egindako ikerketa lanari esker ezagutzen da gaur. Berak holan emon deutsoz eskerrak Hradistko herriari: Senidetze akordio hau lortzeko erakutsi dozuen ahalegin eta ilusinoagaitik. Hartu-emon kultural adeitsuak sortuko diralako. Hradischkoko biztanleek nazien okupazinoan jasan behar izan zenduen oinazeak baita Busturiko biztanleek frankismo garaian jasan zenduen min berak markauta. Herri biek sufridutako min hori faxismoaren eta intolerantziaren kontrako batasun bihurtu dadila, eta Busturia eta Hradischko alkarregaz ibili daitezala bakean eta adeitasunean oinarritutako mundu bat lortzeko, munduko beste herrientzat eredu. Herri bien arteko senidetzearen bidez, gure iraganari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatu gura dira gizartean, zauriak osatzen lagundu, eta intolerantzia-egoerak eta giza eskubideen urraketak ez errepetiduteko pausuak eman.

Senidetzea, bakea eta memoria

Senidetze Itun honen bidez, Busturia eta Hradistkoren arteko adiskidetasun eta lankidetza hartu-emonak indartuko dira, eta udalerri biek adiskidetasun, batasun eta anaitasun hartu-emon adeitsuak izateko erabagia berresten dabe, herri bien aurrerapenarako, garapenerako eta ongizaterako, alkarbizitzarako desiotan alkartuta.

Senidetzearen beste premisetako bat Busturia eta Hradistkoren arteko adiskidetasun eta lankidetza-loturak sortzea eta alkarren ezagutza sustatzea da. Udalerri biek konpromisoa hartzen dabe lankidetza ekonomiko, material, sozial, turistiko eta/edo kulturaleko hartu-emonak izateko. Helburu nagusia izango da udalerri biek lotu zituen zorigatxeko jazoera historikoei buruzko kontzientziari eustea, adiskidetasuna eta lankidetza printzipioetan oinarrituta.

Senidetze Itunaren bidez, interes komuneko arloetan lankidetza-proiektuak garatzea sustatuko da, besteak beste, informazinoa eta esperientziak trukatzea, historia eta aberastasun kulturala eta naturala ikastea. Sustatuko diran interes komuneko proiektuen artean, gai interesgarriei buruzko hitzaldi-trukeak, liburuen, aldizkarien eta mota guztietako argitalpenen trukea, hizkuntzak zabaltzeko udako ikastaroak, ikasleen eta familien trukea, pintura, argazki, zeramika-erakusketak edo izakera artistikoko beste batzuk, jarduera folklorikoak, lan, arte eta kultura-lanbideak ordezkatzen dituen erakundeen arteko hartu-emonak, kirol-jarduerak eta probak atontzea dagoz.

Senidetze Ituna kudeatzeko, Senidetze Batzorde bat sortu da: Udalerrietako ordezkariek osotu dabe eta Busturia eta Hradistko arteko ekintza bateratuak egiteko tresna izango da. Busturiko Udalarem batzordean ondokoak dagoz: Aitor Aretxaga (alkatea), Idoia Etxebarria (memoria historikoaren zinegotzia), Miren Nekane Renteria Etxebarria (Udaleko zinegotzia) eta MªAscen Larrabaster Lezamiz (Busturiko herritarra), Antón Gandarias (Angel Lekuonaren lobea eta osabeari buruzko ikerketaren egilea) eta Unai Egia (ikerlaria eta memoria historikoagaz lotutako gaietan kolaboratzailea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu