Industriaren historia ikuskatzeko aukerea eskaintzen dau Gerardo D'Abrairaren erakusketeak

Bizkaie! 2024-02-05 10:19   Kulturea

La Encartada Fabrika-Museoan garagarrilaren 7ra arte bisitau daiteke.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dauen La Encartada Fabrika-Museoak ateak edegi deutsoz igarotako industriaren gorabeherak ezagutzeko aukerea dakarren erakusketeari, Gerardo D´Abraira marrazkilari bilbotar ospetsuaren obra ezezagunaren bitartez. Hogei marrazki eder baino gehiago batzen ditu erakusketeak.

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru-diputaduak, Javier González de Durana erakusketearen komisarioak eta Ainara Martinez Matía La Encartada Fabrika-Museoko zuzendariak aurkeztu dabe Gerardo D´Abraira marrazkilariaren lanak batzen dituan aldi baterako erakusketea: Barreiatutako paisaiak.

Leixuri Arrizabalaga diputatuak aurkezpenean azpimarratu dauenez, erakusketearen bidez, D’Abrairaren lan guztiak leku bakarrean batu doguz lehen aldiz. Erakusketa hau La Encartada bera berreskuratu eta zabaltzeko gogoaren adibide da. Gure lurraldearen gomutea eusten laguntzen daben elementuak dira, barriro be Bizkaiko Foru Aldundiak industria-ondareagaz dauen konpromisoa barritzen dabenak, gure historia babesteko daben garrantzia autortzen baitau.

Erakusketeak ezagutzera emongo dau Gerardo D´Abraira marrazkilariaren lana. Artista bilbotar horrek 1940ko eta 1950eko hamarkadetan irudikatu eban Euskal Herriaren indar industriala, tintaz eta akuarelaz egindako aireko bistak erabiliz, beti be papelezko euskarri handietan. Dokumentalista zorrotza zan D´Abraira eta, fabrika-instalazinoen funtsa antzemoteaz gan, mailarik goreneko profesionala zala erakutsi eban, agirian ixten dabenez haren teknikearen zehaztasunak eta lerroaren zein, kolorearen tratamendua erabilteko eraginkortasunak.

Erakusketeak hogei marrazki baino gehiago batzen ditu, enpresen airetiko bistak jasoten dituenak: Batzuk euskal enpresenak dira (Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados) eta, beste batzuk, barriz, Euskaditik kanpokoak Fabril Sedera (Burgos), Metalúrgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguídano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa). Harridurea eragiten daben obrak dira, bai neurri handikoak diralako eta bai zehaztasun handiko teknikaz eginak diralako, argazkiak balira bezain zehe agertzen dira-eta hareetan eregiak.

Gerardo D´Abrairaren lan bikainak lortutako ospea dala eta, peninsulako beste industria-eremu batzuetatik be deitu eutsen era horretako irudiak marraztzeko, izan be, holakoak ezin ziran lortu sasoi haretan, aireko argazkien bidez, hain zuzen be. Edozelan be, 60ko hamarkadatik aurrera, airetik egindako argazkigintzak baztertu egin eban azkenean D’Abrairaren modukoen lana industria modernoaren esparruan, eskulana, artea, marketina eta ikusizko komunikazinoa buztartzen zituen lanbide bat.

D´Abrairaren asmoa ez zan marrazkien bitartez bere burua artista sortzaile lez aurkeztea, fabrika-instalazinoetako dokumentalista leial eta zehatz lez agertzea baino. Halan da be, haren lerro eta trazuen araztasunak, zehetasunen muturreko errealismo zoragarriak, kolorea sinisgarriro erabilteko modu eraginkorrak eta giro liluragarri leunak agirian ixten dabe mailarik goreneko ezaugarrien jaube zan profesionala dogula.

Lau arlotan egituratu da erakusketea, D´Abrariaren ibilbide nabarmena deskribiduteko. Lehenengo eremuan, bere marrazkietarako nahien zituan papel neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargetan eutsiezan enpresek eurek eta, bestetik, neurriak eta kolorea sartzeak dakarren kostua. Bigarren eremuak D´Abrairaren zabaluntza geografikoa aztertzen du, hasi Bizkaiko enpresentzat egindako lehen lanetatik eta beste lurralde batzuetatik handituz joan jakon eskaeraraino, askotariko lanak barrubatuz, izan airetiko ikuspegiak nahiz eskaera zehatzagoak. Hirugarren eremuan, haren lanak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo jaso eban errekonozimendua izango da ardatz, eta, zehazki, Burgosen, Salamancan, Alacanten eta Bartzelonan izan eban balioespena. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko enpresek arreta handiagoz konserbatu zituen haren obrak. Azkenik, laugarren eremuak D´Abrairaren obren zabalkundea eta galerea jorratzen ditu, nabarmenduz enpresek zenbat argazki-erreprodukzino zabaldu zituen eta nola gertatu zen jatorrizkoetariko batzuk galtzea. Oro har, lau eremu horiek ikuspegi osoa eskaintzen dute D´Abrairaren lanak teknikari, geografiari eta zabalkundeari loturiko hainbat alderditan izandako eraginaren eta bilakaerearen berri jakiteko.

La Encartada Fabrika-Museoak konbita egin nahi deutse historiaren eta artearen zale guztiei erakusketa hau esplorau deien hemendik eta garagarrilaren 7ra arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu