Punto de Vistako Sail Ofizialak hamabost herrialdetako 23 film batuko ditu

Bizkaie! 2024-02-01 09:35   Zinemea

Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz lanak inaugurauko dau jaialdia.

Ezkerretik eskumara, Manuel Asín, Zinemaldiko zuzendari artistikoa, Ignacio Apezteguía, Kulturako zuzendari nagusia eta Teresa Morales de Álava, Punto de Vistako zuzendari exekutiboa. | Ikusi handiago | Argazki originala

XVIII. Punto de Vista - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdia Martiaren 11tik 16ra egingo dabe Iruñean. Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO soziedade publikoak atontzen dau jaialdia.

Sail Ofizialean hogeita hiru film izango dira, hau da, hamabi film luze eta zortzi film labur, eta lehiaketatik kanpoko hiru pelikula. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Mariano Llinás argentinarraren film luze barriaren (Retrato de Mondongo) mundu mailako estreinaldia, Anand Patwardhan Indiako zinema dokumentalaren maisu handiaren azken lana (Vasudhaiva kutumbakam / The World is Family) edo Prix Jean Vigo Dominique Marchaisen La rivière film luzea. Aitatzekoak dira: IDFA jaialdian eta Sarajevokoan saritu daben Šutnja razuma / Silence of Reason, Kumjana Novakova mazedoniar zinemagile gaztearen lana; 2022an jaialdian izan zan Yaela Gottlieb perutarraren film labur bat, ¿Dónde está Mary Anne? izenburua dauena edo Maya Abdul-Malak frantziar-libanoar zinemagilearen Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth lan luzea. Bestalde, ondokoak dira Sail Ofizialean eta oro har jaialdiko programazio osoan presentzia izango daben gaiak, lehen personea, familiako memoria eta memoria historikoa, generoa eta identidadea, migrazino-politikak, klima eta ingurumen-larrialdia eta gizakion eta beste espezie batzuen aniztasuna.

Aparteko aitamena merezidu dabe jaialdia edegi eta zarratuko daben filmek; horreek be Sail Ofizialekoak dira, baina lehiaketatik kanpo dagoz. Hitzordua martiaren 11n hasiko da, eta Nafarroan estreinakoz proiektauko da Zinzindurrunkarratz, nazinoartean sari ugari jaso dituan Oskar Alegriaren azken lana: «Zinemagileak bidaia poetikoa egiten dau beste garai bateko oroimenean zehar.

Bestalde, jaialdia zarratzeko 2021eko edizinoan, Pedro G. Romero artista bisual, ikertzaile eta komisarioaren azken film luzea proiektauko da: De caballos y guitarras. Abiapuntua instrumentu horregaz entzule horreentzat (eta mando zein astoentzat) egindako kontzertu baten erregistroa da.

Azkenik, Sail Ofizialean egongo da, lehiaketatik kanpo (Lan sailaren barruan), La vida a oscuras, Fernando Martín Peña argentinar artxibozain eta ikertzaile zinematografikoari buruzko lan eder bat, Enrique Bellandek egina. Martín Peña jaialdian izango da eta zenbait jardueratan parte hartuko dau.

Aurtengo edizinoan, nabarmentzekoa da jaialdiko Sail Ofizialean estreinaldi ugari izango dirala, izan be, mundu mailako bost estreinaldi, nazinoarte mailako hiru, Europa mailako bat eta Espainia mailako hamabi aukeratu ditue 800 film ingururen artetik. Punto de Vistan ohikoa danez, Sail Ofizialak mundu osoko zinemagile askotarikoen begirada eskainiko du. Saileko hogeita hiru filmek hamabost herrialdetan dabe jatorria: Argentina, Belgika, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kolonbia, Hego Korea, Kuba, Danimarka, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, India, Japonia, Ipar Mazedonia eta Peru.

Punto de Vistako Sail Ofizialean lehiatuko diran lanek Nazinoarteko Epaimahaiak, Gazte Epaimahaiak eta jaialdiko epaimahaiak emongo dituen sariak irabazteko aukerea izango dabe: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia (10.000 euro), Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria (5.000 euro), Film Labur Onenaren Saria (3.000 euro; EITBk babestua), Publikoaren Sari Berezia Film Onenari (1.650 euro) eta Gazteen Sari Berezia Film Onenari (1.500 euro); azken horrek Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzea jasoten dau. Horrezaz gna, Nazioarteko Epaimahaiak sari ekonomikorik gabeko bi aipamen berezi ere egin ahal izango ditu.

Punto de Vistako programazino-batzordea Anna Brufauk (aurten sartu da batzordean), Lucía Salasek, Miguel Zozayak eta Pablo García Cangak osotzen dabe eta horreek arduratu dira filmen hautaketaz, Manuel Asín jaialdiko zuzendari artistikoagaz batera.

Azucena Vieites, 2024ko Punto de Vistaren irudiaren sortzailea

Jaialdiaren 2024ko edizioaren irudia Azucena Vieitesek sortu dau: 2024ko Punto de Vistaren kartelerako irudia sortzean, pensatu neban hobe izango zala aurretik eginda nituan piezetan esku hartzea, irudi bat berariaz egitea baino. Aukeratutako irudiak jaialdiko gaien eta proposamenetako batzuen arteko loturak erakusten ditu. Holan, artisteak erabilitako teknikeak loturea dau Do It Yourself kulturearen moldeakaz eta horren genealogietako batzuekaz, besteak beste, surrealismoagaz eta ready-made dalakoagaz.

Contactos, X Films edo Bitartekaritza-programea

Contactos sailean beirateen arte gotikoaren eta zinemearen arteko hartu-emonei buruzko film-berbaldi bat eskainiko da Jerome Hilerren eskutik. Hiler Estadu Batuetako abangoardiako zinemearen mitoa da eta beste saio batean gitxitan programetan diran haren filmak izango dira ikusgai. Horrezaz gan, Oteiza Museoan Nestor Basterretxea diziplina anitzeko artistearen gaineko ikus-entzunezkoa erakutsiko da da, haren urteurrenaren harian.

Bestalde, Punto de Vistak X Films proiektua barrituko dau. Jaialdiko sail berezienetako bat da, izan be, horren bitartez jaialdia film baten produktore bihurtzen da eta aurten Celia Viada Caso zinemagilea gonbidau dabe, 2024an filmauko dauen proiektu bat garatu deian eta 2023an hautatutako proposamen legez Tránsitos estreinauko da, Anna López Lunak Super 8 kamereagaz grabautako sanferminei buruzko ikuspegi personal bat.

Azken buruan, Bitartekaritza-programako jardueren helburua da jaialdia Iruña osoko ikusleakana heltzea honako honeen bitartez: Umeentzako tailer bat, zinema dokumentaleko saio bi familientzat, Nafarroako Filmotekan saio bat Batxilergoko ikasleentzat eta Gazte Programatzaileak x Punto de Vistaren beste edizino bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu