XV. First Lego League Euskadik errekorra hausi dau
2024-01-31 12:25 KultureaPrestakuntza programearen itxieran parte hartu daben ikastetxeen kopuruan.
Euskadiko gazteen artean bokazino zientifiko-teknologikoak sustatzeko Euskadiko erreferentziazko First Lego League Euskadi ekimenak errekorra hausi dau 15. edizioan parte hartu daben ikastetxeen kopuruan: 12 prestakuntza-saioak (5 online tailer eta 7 bisita) teknologiaren eta sormenaren ingurukoak izan dira. Enpresa, museo, antzoki, unibersidade eta ikerketa-zentroetako profesionalek beren lanen errealidadea hurreratu deutse Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei. Danetara, 2.259 ikaslek eta 39 ikastetxek parte hartu dabe aurtengo programan, hau da, % 77 ko hazkundea izan da, igaz parte hartu eben ikastetxeakaz (22) alderatuta.
Eskuratutako ezagutzak inspirazino lez balio dau First Lego League Euskadin parte hartzen dabene, datozen asteetan, egoitza anitzeko txapelketako finalean aurkeztuko dituen barrikuntza-proiektuak jorratzeko (finala martiaren 2an egingo da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen).
Barrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) atondutako eta Estaduan bakarra dan prestakuntza-programa honetako tailer eta bisitetan honako honeek hartu dabe parte: Basque BioDesign Center, Bexreal, BC Materials, Gasteizko Santa Maria Katedrala, ElektrART, Arte Ederren Bilboko Museoa, Mondragon Unibersidadea, Tabakalera, Arriaga Antzokia, Deustuko Unibersidadea, UPV/EHU eta Virtualware.
Saioei esker, gazteek ikasi dabe, besteak beste, Arte Ederren Museoak zelan atontzen dauen erakusketa bat, zelan jarten dan martxan produkzino bat Arriaga Antzokian, edo zelakoa izan dan Santa Maria Katedralaren bilakaerea (Gasteizko errealidade birtualeko betaurreko batzuen bidez). Tabakalerako Jakintzen bidegurutzean” erakusketearen parte diran eta Euskadiko ikerketa zientifiko eta teknologikoko zentroakaz alkarlanean dabizen artisten piezak be ezagutu ditue; eta errealidade birtualeko betaurrekoakaz bidaia egin dabe Goierri Eskolako areto sensorizau batean, Mondragon Unibersidadearen eskutik.
XV. First Lego League Euskadi
6 eta 16 urte bitarteko Euskadiko ikasleen artean zientzia eta teknologiagazko interesa pizten dauen hezkuntza-programea da.
Barrikuntzearen Euskal Agentziak (Innobasque) atontzen dau, Deustuko Unibersidadeagaz (Bilboko eta Donostiako campusak), Mondragon Unibersidadeagaz (Arrasateko campusa) eta UPV/EHUgaz (Arabako campusa) batera.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek laguntzen dabe. Erakunde horreek guztiek honako konpromiso hau konpartiduten dabe: Ikasleek karrera zientifiko-teknologikoekazko eta horreei lotutako trebetasuneen aurreko (barrikuntzea, esperimentazinoa, pentsamendu kritikoa, talde-lana edo sormena) daben interesa piztea. FLL Euskadi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleen prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzeko dauen STEAM Euskadi Estrategiaren parte da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!