Demikuko jaiak zezeilaren 2an, barikuan, Kandelaria Egunean hasiko dira

Bizkaie! 2024-01-31 09:50   Kulturea

Bermeoko Udalak eta Demiku auzoko bizilagunek atondutakoak dira.

Zezeilaren 2an, barikuan, Kandelaria Egunean, goizeko 11:30ean txupinazoagaz hasiko dira jaiak eta, ondoren, 12:00etan mezea izango da. Ostean, 13:00ean, luntxa egongo da trikitilariak girotuta.

Zapatuan, hilaren 3an, Demikuko Mendi Martxa herrikoiaren txandea izango da, 12:00etan auzoko baseleizaren ondoan hasita. Mendi Martxan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena emotea eta 11:30etik aurrera egin beharko da baseleizearen ondoan. Parte-hartzaileek euro bat pagau beharko dabe eta martxan batutako dirua Demikuko baseleizearen barriztatze lanak ordaintzeko bideratuko da.

Mendi martxa laburra izango da, 10 eta 12 kilometro bitartekoa; ibilbidea seinaleztatuta egongo da eta honakoa izango da: Demiku, Katillotxuko bidea, Goiko Ur Biltegi handia,
Sukarrietaranzko bidea, Munitiz, San Bartolome, Zabale, Katillotxu, Demiku. Hala ere, antolatzaileek ibilbidea aldatzeko eskubidea daukate. Helmugan, parte-hartzaileentzako ura eta janaria egongo dira.

Demikura oinez igoteko eskaerea egin dabe, inguruan kotxeak aparketako leku gitxi dagoalako.

Ahiezko tostada txapelketea

Domekan, umeentzako olgetakaz hasiko dabe eguna, 11:15ean. Meza aurretik zein meza ostean, gainera, Josepa kale kale taldearen kantaldiagaz gozetako aukerea izango dabe bertaratutakoek.

Ez da faltako Demiku auzoan ohikoa dan tostada txapelketea eta modalidade bakarra egongo da: ahiezkoa. Edozeinek parte hartu leike eta horretarako 14:30ean izena emon beharko da. Epaimahaia ordu horretan hasiko da tostadak probetan eta 15:00etan izango da sariak emoteko ekitaldia, Demikuko baseleizearen ondoan.

Parte-hartzaileek 3 tostada aurkeztu beharko ditue kartoizko plater batean eta Demikuko auzotarra dan ala ez zehaztu beharko dau, izan be, hiru sari nagusiez gan (60, 40 eta 20 euroko otzarak), Demikuko auzotar batentzako sari berezia egongo da (40 euroko otzarea). Epaimahaiak honakoak izango ditu kontuan, besteak beste, tostaden itxurea eta zaborea eta tostadak egiterakoan, osogaien erabilera egokia. Demiku auzoko tostada txapelketearen oinarriak Bermeoko Udalaren webgunean dagoz ikusgai.

Bermeoko Udalak Demikuko bizilagunei jai zoriontsuak opa deutsee eta herritar guztiak animau ditu jaietan parte hartu deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu