2024-2025erako aurrematrikulea egiteko epea zezeilaren 7an edegiko dabe
2024-01-29 13:25Epea hilaren 23an amaituko da.
Ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuari eutsiz igazko neurriek indarrean jarraitzen dabe baina barrikuntzea izango da plazea eskuratuko dabela neba edo arrebaren bat matrikulauta daben ikastetxean hasierako mailea eskatzen dabenek.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordeagaz batera, 2024-25 ikasturterako aurrematrikula prozesua eta kanpainea aurkeztu ditue gaur Barakaldoko Gurutzeta Ume eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean, bertan filmau baita ikastetxe publiko honetako ikasle talde bat protagonista dauen aurtengo iragarkia. Sailburuagaz batera, aurkezpenean parte hartu dau Ikastetxe eta Plangintza zuzendari Eugenio Jimenezek.
2024-2025 ikasturterako onarpen-prozesu barri honek ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuagaz igaz martxan jarritako barritasun eta neurriakaz jarraituko dau; gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik hezkuntza-sistemea orekatzearen alde egiteko neurriak dira eta inklusibotasun-erispìde nabarmena dabenak. Ezartzeko prozesu progresiboa danez, aurten 3 urteko geletarako onarpenera be zabaldu dira neurriok (igaz urte biko geletarako aplikau ziran).
Kontuan izan beharreko egutegia:
• Zezeilaren 7tik 23ra: Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea (Online edo aurrez aurre ikastetxean, idazkaritza ordutegian).
• Martiak 12: Eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
• Martiak 26: Behin-behineko zerrendak argitaratuko dira eta apirilaren 10ra arte erreklamazinoak egiteko aukerea dago.
• Apirilak 26: Behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekursoak aurkezteko epea, maiatzaren 30era arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!