Feroz sarietan '20.000 especies de abejas', 'Upon Entry', 'Sobre todo de noche' eta 'Robot dreams' nagusi

Bizkaie! 2024-01-29 07:40   Zinemea

Pablo Berger bilbotarraren Robot dreams obreak komedia film onenaren saria irabazi dau.

'Robot Dreams', Pablo Berger zuzendari bilbotarrarena | Ikusi handiago | Argazki originala

Estibaliz Urresolaren 20.000 especias de abejasek pelikula dramatiko onenaren saria eskuratu dau: Estibaliz Urresolak ondokoa nabarmendu dau: intimidadea konpartidu daben familiei eskaintzen deutset saria, horreen guztien zatitxoak baitagoz pelikulan. Gainera, Patricia López de Arnaiz Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onena izentau dabe.

2023an Berlinen estreinau ondoren, 20.000 especies de abejas Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films etxeen lanak nazinoarteko 25 sari baino gehiago batu ditu. Nabarmentzekoak dira Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren Zidarrezko Hartza eta Guild Film Prize Berlinalen, Estaduko Film Onenaren Urrezko Biznaga eta Emakumezko Aktore Onenaren Zidarrezko Biznaga Malagako Zinemaldian edo Film Onenaren Forque Saria.

Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako lanagaz batera, beste euskal produkzino bi be agertu dira palmaresean: Upon Entry eta Sobre todo de noche filmek sari bana eskuratu dabelako.

Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vasquez zuzendarien Upon Entry pelikuleak Gidoi Onenaren saria eskuratu dau, euskal ekoizpena zinemaldi garrantzitsuetan izan da eta Tallinnen (Estonia) FIPRESCI Saria, Kolkata Film Festivalen (India) Film Onenaren Saria eta Malagako Jaialdian Gizonezko Interpretazino Onenaren Zidarrezko Biznaga eskuratu ditu, besteak beste.

Victor Iriarteren Sobre todo de noche filmak, barriz, Fikzinoko Feroz Arrebato Saria irabazi dau. Reescritura, Atekaleun eta CSC FILMS etxeek produzidutako film luzeak Veneziako Mostran izan eban mundu mailako estreinaldia eta FIPRESCI - Nazinoarteko Kritikearen Epaimahaiaren Saria jaso eban Valladolideko 68. Zinema Astean - Seminci 2023.

Pablo Berger bilbotarraren Robot dreams obreak komedia film onenaren saria irabazi dau: Eskerrik asko, Feroz, kategoriak ez bereizteagaitik eta komedia onenaren saria emoteagaitik, ez animazinoarena.

Horrezaz gan, Musika onenari eta Kartel onenari sariak be irabazi ditu bilbotarrak.

Ez ahaztu, martiaren 10ean Los Angelesen emongo dituen Oscarretarako izentau dabela Robot dreams.

Francisco Javier Calvoren eta Javier Ambrossiren La Mesias, telesailen atalean, telesail dramatiko onenaren saria eta beste bost gehiago eskuratu ditu.

Azken buruan, J. A. Bayonaren La sociedad de la nieve filmak sari bi eskuratu ditu.

Goya Sariak

Zezeilaren 10ean, Goya sarietan, Estibaliz Urresola Solarurenen filma 15 izentapen ditu eta sari hauen historian izendapen gehien jaso dituen opera prima izango da: Film Onena, Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Patricia López Arnaiz), Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onena (Ane Gabarain eta Itziar Lazkano), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Martxelo Rubio), Zuzendari Berri Onena, Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Soinu Onena, Muntaketa Onena, Efektu Berezi Onenak, Arte Zuzendaritza Onena, Jantzien Diseinu Onena, Makillaje eta Ule-apainketa Onena eta Produkzino Zuzendaritza Onena.

Bestalde, Upon Entry Aktore Protagonista Onenaren, Zuzendari Barri Onenaren eta Jatorrizko Gidoi Onenaren sailetan lehiatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu