Eibarko 47. Antzerki Jardunaldiak zezeilaren 14tik martiaren 21era

Bizkaie! 2024-01-26 09:35   Kulturea

Coliseoan, Hezkuntza Esparruan, baita kalean be, hogei konpainia baino gehiagoren lanak ikusi ahal izango dira.

Jardunaldiak programa zabala dakar betiko eszenatoki nagusietara: Coliseo Antzokia eta Eibar-Ermua Unibersidadeko Hezkuntza Esparruko antzokia. Azken edizinoan 7.000 persona inguru batu eta bete egin zan atontzaileen helburua, barriro be Eibarko herriarentzat kultur hitzordu honek dauen garrantzia frogatu baitzan.

Aurtengo edizioaren jentaurreko aurkezpenean aurkeztu dabe Eibarko udaletxean Jon Iraola alkateak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputaduak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak.

Izen handiko profesionalak izango dira inaugurazino-ekitaldian, zezeilaren 14an, 19:00retan, Anabel Alonso zuzendari eta aktoreak hitzaldia emongo dau Coliseoan eta Irene Hernando aktore eibartarrak egingo dau aurkezpena: Antzerkiak egoera askotara egokitzeko dauen gaitasunari buruzkoa izango da. Hortik, izena: Resilientes, izan be, etenbarik berrasmetako eta aldaketetara egokitzeko ariketa betea da antzerkia.

Zezeilaren 14ko barriketaldiarenn ondoren, hilaren 15ean, 19:00retan, La Celestina lana aurkeztuko da, Anabel Alonso bera protagonista dauena, Antonio Castro Guijosaren zuzendaritzapean.

La Guerra de nuestros antepasados (dramea), Carmelo Gómez eta Miguel Hermosorena, Nevenka María Goiricelaya zuzendariarena edo Almazenean (komedia), Begoña Bilabo Lejarzegi eta Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreena edizino honetako beste obra nabarmen batzuk dira.

Zezeilean beste obra batzuk be ikusi ahal izango dira: Andereño (umeentzako lana, euskeraz), Tómbola (Jantzea – antzerkia), Poncia (Dramea), Días estupendos (Tragikomedia), El jardín de las posibilidades (Dramea), Gurpil Gainean (euskeraz, kale antzerkia) eta Esnearen kolorekoa (dramea, euskeraz eta gaztelaniaz).

Martian: ¡Vamos, que nos vamos (komedia musikala), Edipo (dramea), Almazenean (komedia, euskeraz eta gaztelaniaz), Mira hadi (antzerki dokumentala euskeraz), Bihar arte soilik (komedia euskaraz), N´Importe quoi (Clown), Proyecto Helen Keller (antzerki dokumentala), El viaje del monstruo Fiero, La sed del Minotauro (Tragikomedia), Aquí no paga nadie (komedia), Masustondoen patioa (tragikomedia, euskeraz eta gaztelaniaz) eta Badon (opera postdramatikoa euskeraz).

Danetara, 22 konpainia egongo dira 2024ko Antzerki Jardunaldietan; 25 antzezlan eskainiko ditue eta horreetatik 8 euskaraz; gainera, lan bat kalean eskainiko da. Lekim Animazioak konpainia arduratuko da Eibarko kaleetan Antzerki Jardunaldien zabalkundea egiteaz. Aurtengo kartela Gorka Aizpurua Serrano eibartarrak diseinau du.

Jon Iraola alkateak kultur hitzordu honek herriarentzat dauen garrantzia nabarmendu eta kulturearen aurreko konpromisoaren erakusle be badala adierazo dau: 47 dira dagoeneko gure herrian egindako antzerki-jardunaldiak; gure ondarearen parte dira eta babesa emoten jarraituko dogu. Antzerkia tresna hezitzaile bat da, gure pentsamendu kritikoa eta enpatia pizten laguntzen dauena. Alkarrizketa kulturala sustatu nahi dogu, parte-hartzea... Azken batean, Eibar erreferente kulturala izaten jarraitzea nahi dogu.

Goizane Álvarez Irijoa Kultura diputaduak adierazo dauenez, Eibarko Antzerki Jardunaldiak Gipuzkoako arte eszenikoen bizitasunaren adibide dira. Aurkeztuko diran obren aniztasuna eta kalidadea gure antzerki-panoramearen aberastasunaren eta sormenaren lekuko dira. Guztiak animetan ditut antzerkiaren magian sartu eta jardunaldi honeek emozinoak piztu eta antzerkiaren aurrean dogun konpromisoa indartzera. Eskerrak emon nahi deutsedaz parte-hartzaile, artista, atontzaile eta ikusle guztiei Eibarko Antzerki Jardunaldiak kultur ekitaldi parebako bihurtzen laguntzeagaitik. Jarraitu daigun alkarlanean eta alkarregaz eregiten etorkizun eder bat Gipuzkoako arte eszenikoentzat.

Egitaraua: Eibarko 47. Antzerki Jardunaldiak

Sarrerak

Antzerki Jardunaldietarako sarrerak saltzen urtarrilaren 27an hasiko dira, bai aurrez aurre Coliseo antzokian, bai modu birtualean be. Sarrerak modu presentzialean erosteko aurretiazko hitzordua hartu beharko da hilaren 25ean eta 26ean. Eta modu birtualean www.kutxabank.es webgunean eskuratu ahalko dira.

Era berean, funtzinoak baino ordubete lehenago erosi ahalko dira sarrerak Coliseoaren leihatilan bertan.

Deskontuak

Coliseoaren Laguna txartela dabenentzat, 5 eurotik gorako prezioetarako: Tarifa normala, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelagaz, 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 Coliseoaren Laguna txartelagaz).

Coliseoaren Laguna txartela erakutsi beharko da sarreran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu