'Touré detektibea' datorren eguaztenean estreinauko da
2024-01-24 12:59 ZinemeaBilboko Kale Nagusian kokatuta dagoan BBK Salan.
Igaz Bilboko inguruetan filmau ondoren, Touré detektibea telesaila uriko BBK Salan aurrestreinauko da euskeraz (gaztelaniazko azpitituluakaz) datorren eguaztenean, urtarrilak 31, EITBren eskutik. Ekitaldian Touré detektibea telesailaren lehen kapitulua proiektauko da. Hurrengo egunetik aurrera, zezeilak 1, Primeran, EITBko euskerazko streaming edukien app-ean, be egongo da ikusgai.
Agerraldira, fikzino barri horretako lantaldearen ordezkaritza zabala etorriko da, izan be, Unax Ugalde, Loreto Mauleón eta Jon Olivares aktoreek Mahamoud Touré inbestigatzaile karismatikoari bizia emoten deutson Malcolm Treviño-Sitté aktore protagonistari lagunduko deutse Bilbon. Esteban Crespo telesailaren zuzendaria (2014. urtean Oscar sarietarako izentautakoa, Aquel no era yo fil laburrari esker) eta Jon Arretxe, pertsonaia horren jatorrizko elebarrien egile bizkaitarra be izango dira bertan.
Touré detektibea kapitulu bakotxean misterio barri bat argitzen dauen prozedurazko telesail bat da, eta estaduko telebistaren historiako lehen protagonista baltza dauka. 2021. urtean gidoi egokitu onenari emondako Goya saria irabazi eban David Pérez Sañudok (Ane) eta Carlos Vila Sexto gidoilariak (Los misterios de Laura) sortu dabe, gidoigintzan Flora González Villanuevak (Nacho) be parte hartu dau. Esteban Crespok (Black Beach) eta Violeta Salamak (Alegría) zuzendu ditue intrigea, umorea eta personaia maitagarriak buztartzen dituen sei atal horreek.
Malcolm Treviño-Sitték (Lo nunca visto) Mahamoud Touré-ren papera egiten dau, bere umore eta zuhurtasunari esker ikusleen bihotzak bereganatuko dituan detektibe atipikoa. Telesailan, Tourék era askotako erronka eta misterioei aurre egin beharko deutso, eta bere adimena eta nortasun magnetikoa erabiliko ditu kasu bakotxa ahalik eta modurik kreatibo eta ezuztekoenean argitzeko. Horrezaz gan, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edú, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain aktoreek hartu dabe parte.
Sinopsia
Touré, Bilbon finkatutako etorkin ginearrak, detektibe inprobisadu bezela egiten dau lan, auzoko bizilagunen inguruan agertzen diran misterioak argituz. Bere trebetasunak, intuizinoak eta umore bereziak bultzatuta, Ertzaintzaren konfidantzea bereganatuko dau. Baina lan horrek droga eta giza trafiko sare konplexu bategaz be jarriko dau kontaktuan, bere bizitea arriskuan jarriz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!