Etxepare Euskal Institutuak euskal literatura-laginen ataria plazaratu dau

Bizkaie! 2024-01-24 12:27   Kulturea

Jatorriz euskeraz idatzitako lanen itzulpena eta argitalpena sustatzeko helburuz.

Etxepare Euskal Institutuak euskerazko literatura nazinoartean zabaldu eta beste hizkuntzetara itzuli daiten sustatzeko sortutako tresna baten barri emon dau gaur Donostian egindako prentsaurrekoan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Institutuko zuzendariak hartu dabe parte aurkezpenean.

Webgunea ingelesez dago eta egungo euskerazko literaturearen laginak batzen ditu helburu bigaz. Batetik, euskal idazle, editore eta literatura-agenteei laguntzea euskerazko literatura-lanen atzerrirako itzulpen eta argitalpen-eskubideen salmentan (foreign rights), holan euskerazko literaturearen ikusgarritasuna eta kanpo-proiekzinoa bultzatzeko. Bestetik, nazinoarteko publikoari egungo euskerazko literaturearen argazkia eskaintzea. Horretarako, oraindino ingelesera edo frantsesera itzuli ez diran euskerazko literatura-lanen pasarte edo zatiak eskaintzen ditu atariak hizkuntza horreetan.

Alde batetik, Etxepare Euskal Institutuak 2021etik egiten dauen literatura-laginen itzulpenerako laguntzen deialdiaren bitartez itzultako testuak dagoz bertan. Deialdi honetan editoreek edo itzultzaileek emon leikie izena literatura-lan baten pasarte edo zatien itzulpenak finantzietako. Holan, egilearentzat berarentzat be onura zuzena sortzen da, izan be, bere lanaren ingelesezko edota frantsesezko itzulpenaren lagina eskuratzen baitau, bere helburuak lortzeko erabili leikena. Deialdi hau automatikoa da, hau da, ezarritako baldintzak beteten dituen eskaera guztiek laguntzea jasoten dabe itzulpena finantzietako. Jarraian, lagin horreek webgunean jarten dira eskuragarri.

Bestalde, 2021etik Euskadi Saria jaso daben euskerazko lan guztien ingelesezko edota frantsesezko laginak dagoz, multoz bitan, 31 libururen laginak dagoz eskuragai atarian, urtero handitzen joango dan kopurua.

Atarian jasotako liburuak fikzinoa eta ez-fikzinoa kategorietan sailkatzen dira, baita beste hainbat azpikategoriatan be, besteak beste, ume eta gazte literaturea, poesia, eleberria eta saiakerea. Liburu bakotxaren fitxak liburuari eta egileari buruzko informazinoa emoten dau ingelesez eta/edo frantsesez deskargau daitekeen lagin bat; argitalpen-eskubideetarako kontaktua jasoten dau eta informazio osogarria (argitaletxea, orrialde-kopurua edo ISBN) eskaintzen dau. Erabiltzaileek kategoriaren edo egilearen arabera egin leike bilaketea atarian. Liburuei buruz dagoa informazinoa egileek eurek edo argitalpen-eskubideen jaubeek emondakoa da.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren esanetan, ekimen honen helburua da egungo euskerazko literaturearen ikusgarritasuna handitzea, obra horreek beste hizkuntza batzuetara itzultzea sustatzea eta, ondorioz, nazinoarteko jaialdi eta ekitaldietan euskerazko idazleen parte hartzea handitzea, baliabide honek ez dau literatura-lanen katalogo, hautaketa edo antologia izateko bokazinorik, ezta itzulitako euskerazko literaturearen behin betiko direktorioa izateko asmorik be. Baina bada horren guztiaren osogarri, euskerazko literatura produkzinoaren zati bat erakusten dauen erakusleihoa baita: Euskerazko egile guztientzako tresnea da eta bertan egungo literatura-lanen ahalik eta lagin gehien erakutsi nahi dogu, adierazo dau.

Tresna hau euskerazko literaturearen nazinoarteko ikusgarritasuna eta proiekzinoa sustatzeko Institutuaren estrategia osotzen dauen piezea da. Estrategia horren parte dira itzulpengintzarako dirulaguntzak, euskal idazleak beren lanak kanpoan erakusteko gonbidatzen dituenean mobikortasun-gastuak estaltzeko laguntzak, euskal idazleak beren programazinoetan parte hartu deien nazinoarteko jaialdiakaz eta ekitaldiakaz Etxeparek egiten dituan akordioak eta urtero emoten diran Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Sariak. Ekimenokaz Etxepare Euskal Institutuak euskerazko literaturearen dinamizazinoa nazinoartean eta euskal idazleen bidelagun izatea gura dau.

Euskerazko literatura-laginen ataria www.basquebooks.eus webgunean kokatuta dago. Marka hau 2020tik konpartiduten dabe liburugintzearen sektoreak eta euskal erakundeek euskal literatura eta liburuen kanpo zabalkunderako. Marka honen aterkipean, hainbat sustapen eta zabalkunde-ekintza egiten dira urtean zehar liburu-azoketan, literatura jaialdietan eta estadu mailako edo nazinoarteko beste hainbat ekitalditan. Webgune honetan, gainera, sektoreko alkarte profesional nagusiei buruzko informazinoa, jatorriz euskeraz idatzitako lanak beste hizkuntzetan argitaratzeko dirulaguntzen inguruko argibidea eta jaialdi eta ekitaldien atontzaileek euskal egileak gonbidatu ahal izateko laguntzen barri emoten da.

Horregaz batera, EIZIEk oraintsu Etxepareren laguntzeari esker ingelesera itzulitako hainbat baliabide be badagoz bertan. Atariak, beraz, Euskal Herriko eta kanpoko idazle, editore, agente, itzultzaile eta argitaletxeen arteko hartu-emonak errazteko.

Azken buruan, tresnearen deskarga-sistemak webguneko erabiltzaileen eta deskargautako laginen inguruko informazinoa batzeko aukerea emongo deutso Etxepare Euskal Institutuari, banakako informazinoa emoteko eta ekintza espezifikoetarako erabili ahalko dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu