Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoari lagapena egin deutso
2024-01-22 13:54 KultureaArtxiboaren esku itxi dau frankismo garaiko erbesteagaz lotutako balio historiko handiko ondarea.
Iñigo Urkullu Lehendakariak Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku itxitako funtsen aurkezpenean parte hartu dau gaur. Ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak be parte hartu dau Miren Lopez Mendizabal, Isaac Lopez Mendizabalen loba eta Xabier Lopez-Mendizabalen alabeagaz eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazinoko teknikari eta funtsaren antolaketearen arduradunagaz batera.
Euskadiko Artxibo Historikora batutako funtsak balio historiko handikoak dira. Lopez Mendizabal familiaren funtsa ezinbestekoa da euskal kulturearen historiaren zati handi eta garrantzitsua ezagutzeko, baita euskal erbesteratze politikoa zein ekonomikoaren barri izateko be. Lopez Mendizabaldarren familia argitaratzaile, inprentero eta intelektuala izan zan. Funtsaren zatirik handiena Isaac Lopez Mendizabalek 1938tik aurrera, bere heriotzara bitartean, sortutako dokumentazinoa eta Isaac-en seme Xabierrek sortutakoa da. Isaac 1879an jaio zan eta 1977an hil, beraz 1936an, gerrea hasi zanean, 57 urte zituan eta ordurako abokadutzan, liburuen edizinoan, idazletzan, politikan eta kulturgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa zan.
1936ko abuztuan gerrea hasi eta ia berehala, Tolosan Lopez-Mendizabaldarren ondasunak arpilatu zituen: Liburutegi aberatsa, mendeetan sortutako agiriz osotutako artxiboa, etxeko altzari eta beste... Eta ostu barik geratutakoak erre egin zituen faxistek. Urteen joan etorrian hareen ondasun asko berreskuratu eban familiak. Dokumentu horreetako asko aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gorde dira. Euskal Herriaren azken bi edo hiru mendeetako historia ezagutzen laguntzen dabe funtsak dira agiri horreek.
Lopez Mendizabal funtsak hiru zati ditu:
- 1. 61 kutxa, batez be 1930 – 2010 bitartekoak, López-Mendizabal familiarenak. Sailkapen-prozesuan, funts hori, gehienbat, Ixaka López Mendizabalengandik (1879-1977) eta Xabier López-Mendizabalengandik (1925 - 2004) etorrela identifikau da.
- 2. XVIII. mendetik XX. mendearen amaiera bitarteko 420 liburuki+ xafla kalkografikoen kaxa bat, beren interesagaitik hautatutakoak.
- 3. 43 kutxa liburu arruntakaz, nobelakaz eta aldizkariakaz, baita argazki ugari be, familiarenak, toki zein ekitaldi askotakoak.
Agirien artean nabarmentzekoak dira:
- Serapio Mujika historialariagaz izandako eskutitzak.
- Buenos Aireseko Laurak Bat alkarteko dokumentazinoa.
- Agirre lehendakariagaz izandako mezu-trukaketea.
- Antonio María Labayen adiskide tolosarragaz izandako korrespondentzia.
- Etimologías de apellidos vascos liburuaren orijinala.
- Xabiertxo liburuaren Argentinako edizinoko argazkiak.
Lehendakariak bere hitzaldian eskerrak emon deutsee Lopez Mendizabal familiari euren sendiaren agiri eta dokumentuak Euskadiko Artxibo Historikoaren zaintzapean itxeagaitik: Erakunde honen esku ixtea konfidantzazko keinu bat da eta jakin eizue gure kulturearen eta herriaren iraganaren isla dan funts hau ondo gorde eta jagongo dauela Artxiboak. Gorde, jagon eta zabaldu be bai. Ondare hau historiagileen, ikertzaileen eta euskal gizarte osoaren eskura egongo da ezagutua eta aztertua izan daiten. Lehendakariak Lopez Mendizabal familiaren funtsen balio historikoa nabarmendu dau: Zuen aititak dokumentau eban gerraosteko, jazarpeneko, diktadurako eta erbesteko une baten testigantzea eta ondarea. Hemendik aurrera, euskal gizartearen kulturarako eta historiarako garrantzitsua dan egoera historiko bat sakonago ezagutzeko balioko dau.
Lopez Mendizabal familia
Lopez-Mendizabaldarrak Tolosan, Gipuzkoan eta Euskal Herrian arrasto sakona itxi dabe, batez be edizino eta inprenta lanetan, baita euskal kulturan be. Familia honen arbasoak izan ziran Tolosan lehen inprenta jarri ebenak; hain zuzen be, Francisco de La Lama izan zan 1782an aita Cardaverazen dotrinea argitaratu ebana. Ordutik aurrera, 200 urtetik gorako historia luzean, hainbat eta hainbat liburu atara zituan Tolosako argitaletxeak, horreetatik asko euskeraz.
La Lamak sortutako familiak ez zituan inprenteroak bakarrik emon, euskal kulturearen sortzaileak be emon zituan eta horreen artean garrantzitsuena Isaac Lopez Mendizabal, hain zuzen be liburu eta edizioaren munduan familia horretan jardun zuen azken aurreko belaunaldiko kidea.
Beraz, Lopez-Mendizabaldarrek liburuak argitaratu eta liburuak idatzi be egin ditue; horren guztiaren isla da Euskadiko Artxibo Historikoan familiak emonda gordetetako funtsaren balioa.
1936an faxistek Lopez Mendizabalen ondasunak arpilatu eta erre zituen eta Isaac Lopez Mendizabal zigortu be egin eben. Estadu frankisteak 100.000 pezetako isuna ordaintzera behartu eban. 20.000 liburutik gora zituan liburutegia desagertu zan, artxiboari beste hainbeste gertatu jakon eta inprentako tailerrak hondatu eutsiezan, hor galdu zan, ez bakarrik Lopez Mendizabal familiaren ondasunen zati handia, baita euskal kulturako altxor handi bat be.
Halan da be, Isaac eta Xabier Lopez Mendizabal aita-semeek ez eben sekula dana galdutzat emon eta ahal izan eben neurrian 1936ko abuztuan galdutako ondasunak, liburu eta dokumentuak berreskuratzen ahalegindu ziran, gutxi batzuk berreskuratu zituen, bai liburuak eta bai artxibo-agiriak be.
Lanean be jarraitu eben: Iparraldean, lehenengo (1936-38), Argentinan geroago (1938-1966) eta, azkenik, barriro be Tolosan (1966-1977) Isaac Lopez Mendizabalek (eta bere seme Xabierrek) ez eutson kultur gizon, egile eta eragile, izateari itxi.
Isaacek, Argentinan, Andres Irujogaz batera, Ekin Euskal Argitaletxea sortu eban, Laurak Baten buru-belarri sartu zan: Lagun Onak abesbatza zuzendu, Saski Naski bultzatu, euskera erakutsi, euskaldunen mezea atondu, hitzaldiak emon zein beste arlo batzuetan ibili zan. Argentinan eta Euskal Herrian, ikusmen arazo larriak izan arren, bere alaba Itziar eta Izaskunen begiak eta atzamarrak erabilita, irakurten eta idazten jarraitu eban hil arte, 98 urte betetzera joiala.
Isaac Lopez Mendizabalek hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituan bere bizitza luzean. Euskera, historia, euskal ohiturak eta bestelakoak zituan maite eta hamaika artikulu eta liburu itxi zituan. Baina euskerearen azterketa zientifikoan nabarmendu bazan be, ez eban bazterrean itxi hizkuntza zabaltzearen ahalegina eta euskera irakaslea izateaz gan, Isaac Lopez Mendizabal bere lanetariko batek ezagun egin baeban, lan hori Xabiertxo izan zan. Hain zuzen bere seme Xabier, eta honegaz batera gainerako euskal neska-mutiko guztiak, euskeraz alfabetetako eskola-liburu ezaguna.
Hori eta gehiago ikusi eta aztertu daiteke Euskadiko Artxibo Historikoan itxitako Lopez-Mendizabal familiaren funtsean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!