Agurne Barrusok ekin deutso daborduko Ikastolen Elkarteko zuzendari lanari
2024-01-17 09:56 KultureaArmentia ikastolako zuzendaria izan da Barruso azkeneko zazpi urteotan.
Urte hasiereagaz batera hartu dau kargua Gasteizko Armentia ikastolako zuzendariak eta Jose Luis Sukia ordezkatu dau eginkizun horreetan. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak pasa dan irailean izentau eban Barruso zuzendari nagusi, baina beraren eta Sukiaren arteko transizino aldi bat egin da udagoienean eta Bergarako alkate (2007-2011) eta Martin Garitano diputadu nagusi eban Gipuzkoako Foru Aldundiko kabinete buru izandako Barrusok urte hasiereagaz batera hartu dau Ikastolen Elkarteko gidaritzea.
Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da Barruso azkeneko zazpi urteotan baina ilusinoz heldu deutso beharrari; erantzukizun handia be badala autortu arren, erronkek motibau egiten dabela esan dau, inguruan lantalde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak baditu: Mobimentu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea, ondo kokatuta gagoz hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara.
Momentua interesgarria dala nabarmendu dau zuzendari nagusi barriak, batetik, pedagogia arloan aurkeztu barri dan Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor barria zabaltzen hasi diralako, eta, bestetik, maila instituzionalean Ikastolen VII. Batzarra egingo dalako ikasturte honen amaieran. VII. Batzarra preparetako lantaldeko kidea be bada Barruso eta batzar horretan landuko eta botauko diran dokumentuak lantzen eta amaitzen dabizela: Zezeilaren amaieran ekingo deutsagu eztabaida prozesuari ikastolakaz, egindako lana aurkeztuko deutsegu eta danon ekarpen eta zuzenketakaz landuko dogu VII. Batzarrera eroango dogun behin betiko proposamena. Batzarra izango da ikastolen arlo estrategikoak markauko dituan abiapuntua, izan be, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dogu.
Jose Luis Sukiak, barriz, ikasturte honetan hartuko dau erretiroa baina zuzendari nagusi barriaren eta zuzendaritza taldearen alboan ibiliko da lanean. 2016ko irailean hartu eban zuzendari nagusi kargua Jose Luis Sukiak, Imanol Igeregiren ordez. Ordura arte Egonkortasun arduraduna izan zan 2010ean sortutako Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean. Sukiaren eta ikastolen mobimentuaren arteko loturea, ostera, atzeragoitik dator, izan be, 1993tik dabil ikastolen mobimentuan buru-belarri lanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!