Kultura ministerioak lau miloe euroko ekarpena egingo dau Sestaoko Labe Garaia zaharbarritzeko

Bizkaie! 2024-01-11 08:39   Kulturea

Kulturako gaiak aztertzeko Bingen Zupiria sailburua eta Ernest Urtasun ministroa batu dira.

Bingen Zupiria eta Ernest Urtasun | Ikusi handiago | Argazki originala

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Espainiako gobernuko Kultura Ministro Ernest Urtasun Donostiako Eusko Jaurlaritzearen egoitzan batu dira. Ministroak kargua hartu ebanetik agintari bien arteko lehen topaketa izan da, sano baliogarria, batetik, gobernu bien arteko lehen hartu-emonetarako eta bestetik, alkarren arteko kultura arloko gaiak bateratzeko.

Sailburuak eta ministroak, besteak beste, honako gai honeek aztertu ditue: Erakunde biek Euskadin jorratzen diran erakunde partaidetuetako ekimenetan eta proiektu estrategikoetan parte hartzea, Artistearen Estatutuaren garapena, Next Generation Europako Funtsen aplikazinoa, euskerazko kultura-proiektuei laguntzea edota ondarearen berreskuratzea. Azken gai horri jagokonez, Kultura ministroak baieztatu dau bere ministerioak lau miloe euroko ekarpena egin deutsola Sestaoko Labe Garaia zaharbarritzeko hirugarren eta azken faseari. Sestaoko Labe Garaia Kultura Ondasun izentau eben, monumentu kategoriagaz, 2005ean. Ministerioak egingo dauen ekarpen hori Eusko Jaurlaritzeak ingurua bizibarritzeko, egokitzeko eta bultzatzeko emondako 3,7 miloe euroei gehituko jake. Inbersio horreek Sestaoko Labe Garaia babesteko, konserbetako eta balioan jarteko erabiliko dira.

Bileran parte hartu dabe Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak, Espainiako Gobernuaren aldetik, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin dauen ordezkariak eta Isaac Sastre Kultura Ondare eta Arte Ederretako zuzendari nagusiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu